Eszenak
Henri Oguike Dance Company britainiarra izango da igandean Euskalduna jauregian
GARA | BILBO
Atzo La Riboten emanaldia eskaini ondoren, Dantzaldiak igandean izango du hurrengo hitzordua Britainiar Handiko dantzari interesgarrienak ezagutarazteko asmoan. Henri Oguike Dance Company izango da igandean, 20.00etan hasiko den ikuskizunarekin. Dantzaldiko antolatzaileen hitzetan, 1999an sortu zen talde honek «intentsitate handiko musikaltasuna eta indar handiko koreografiak» aurkezten ditu.
Henri Oguiken balioa dantza mota asko sortzeko duen ahalmena dela nabarmendu dute haren aurkezpenean; «Haendelen Mesias-en gaineko estasi-irudietatik Astor Piazzolaren tango ezti eta sentsual batera» eraman ahal gaituela ziurtatu dute.
Taldeak lau koreografiarekin parte hartuko du Dantzaldian. «Little Red»ekin hasiko da, sei dantzarien parte-hartzea behar duen 22 minutuko sormen lana. Bigarren lana «Touching All» izango da, «Les Geants du Luth» bildumako zatiak hartzen dituena. Horrekin batera, lauteko hainbat solo interpretatuko dituzte zuzenean. Jarraian, «All around» eskainiko dute, 15 minuto lana, eta dantzari gehien biltzen dituena taula gainean. Azkenik, «Green in Blue» izenekoaren txanda iritsiko da.
Lau lanokin Henri Oguikeren sormenaren hainbat alderdi ikusteko aukera izango du ikusleak. Dantzari honen berezitasunik adierazgarriena estilo anitz lantzea da. Ezaugarri hau bere bizitzan izandako istorioen eragina da. «Berarekin topo egitean, bere aurpegieran hain garbiak diren afrikar ezaugarriak ikusi eta bere hitz egiteko era musikala entzuten duzunean, jabetzen zara bere koreografiak bere jatorri nigeriar-galestarra edo galestar-nigeriarra bezain konplexuak direla», azaldu dute. Nabarmentzen dute bere ibilbidean zehar izan dituen eraginak era askotakoak izan direla.
Britainiar Handiko jaialdietan egin ohi dituzten emanaldiez gain, ikerketan eta heziketan ere lan handia egiten du konpainia honek. Bestalde, irabazitako sarien artean, Time Out Live saria jaso zuen konpainia berririk interesgarriena izategatik eta harrezkero sari bererako beste bi izendapen ere jaso ditu.
kultura