Kepari loteria tokatu zaio
Andoni TOLOSA «MORAU» Musikaria
Bai, horixe da, Kepari loteria tokatu zaio. Egia da horretarako jokatu beharra dagoela, eta sekula ez zaiola tokatzen gehien behar duenari edo diruari atarramendu hobea emango dionari. Baina horrela da, Kepari loteria tokatu zaio eta kito. Hori bai, eta garaiak garai, ez nuke alde batera utzi nahiko gure instituzio autonomikoek oraingo honetan sariarekin erakutsi duten eskuzabaltasun azpimarragarria. Hori dela-eta, hurrengo baterako edo bonolotorako, edota kinielarako, hona hemen 700.000 euro gastatzeko hainbat egitasmo, kontuan hartu behar dituztenak jaso ditzaten.
Kontua euskal musika munduan zehar barreiatzea denez, begira, zergatik ez antolatu Billy Bragg, Lucinda Williams, Steve Earle eta, nola ez, Morau eta Agoten jira bat mundu osoan zehar. Hiru urtetan burutuko genuke, eta hasiera, nola ez, Bilboko Guggenheim museoan emango genioke lagun musikariek inguratuta (100 bat gutxienez). Prest nengoke Ainhoa Artetarekin batera Txomin del Regatoren txiste pare bat kontatzeko, euskaldunon umore falta topikoa dela erakutsiz. Amaiera nola ez, New Yorkeko Madison Square Garden-en egingo genuke. Lehendakaria, Obama eta hirurok, hiru ahotsetan, «Gernikako Arbola» kantatuz emango genioke amaiera euskal musika munduan kokatuko lukeen ikuskizunari. Ez esan merkea ez denik... 700.000 euro besterik ez.
Hala eta guztiz ere, agian gehiago komeni zaigu Europara begira jartzea, hurbileko bizilagunak ditugu-eta; badakizu, hobe hurbilekoekin ongi moldatzea. Horretarako zerbait xumeagoa egin dezakegu: Europa osoa zeharkatuko lukeen tren batean, Morau eta Agotak taldeak emanaldiak eskaintzea hiriburu horietako tren geltoki nagusietan. Donostian hasi eta Sebastopolen bukatu (Europa zabala da euskaldunontzat). Tren horretan, musikarioz gain, nola ez, musikarien zein entzuleen otorduak prestatuko lituzketen sukaldari entzutetsuak joango lirateke, Errioxa, Nafarroa eta Irulegiko mahasti goxoenetako ardoarekin betetako bagoi/ upeltegiarekin batera. Eta horrelako egitasmoek partaideei nahi eta nahi ez eskatzen dieten kontzentrazioak huts egin ez dezan, eta, bide batez, Euskal Herriari buruz jendeak izan ditzakeen topikoak hankaz gora jartzeko, bertako masajistarik hoberenek beren trebeziak erakutsiko lituzkete... 700.000 euro edo agian pixka bat gehiago.
Bueno, eta bi aurrekoekin gustura ez bazaudete, zuzenean dirua Morau eta Agotei eman, 700.000 euroekin 10 diskoz osatutako bilduma kaleratzeko. Guztiok pozik, ez al da hala? A, ezetz? Nire amak beti esaten zidan inbidiaz betetako gremioa dela euskal musikariena.