Hamasei urte geroago, Bosniako sarraskiak hurbil emakumeen gogoan
Hamasei urte joan dira 1992ko udaberritik, Bosnia-Herzegovinan garbiketa etnikoa hasi zenetik. Balkanetan gerra bazterrik bazter ibili zen eta soldaduek morteroak eta metrailadoreak ez ezik, bortxaketa eta beste basakeria asko ere arma zituzten. Gerren ezaugarrietako bat atzeraezintasuna da, hildakoak izaten baitira, eta hildakoen artean, gehienak zibilak. Hala ere, bizirik irauten dutenentzat gerra ez da amaitzen bukaera ofiziala iragartzen denean. Hala izaten da batez ere emakumeentzat, hurkoen galera eta eurek jasandako izugarrikeriak bizitza osoan eraman beharreko zama baitute. Emakumeak dira, edonongoak direla, Bosniako zein beste edozein herrialdetako gerretan, galtzaile nagusiak oro har. Gerra modernoetan antzinakoetan bezala. GARAk gaurko edizioan argitara eman duen elkarrizketa Bosniako gerra haren lekukotasun ikaragarria da, eta beste askorena ere izan liteke, bonba adimentsuak erabiltzen dituzteneko gerrena ere bai. Baina basakeria horiek sustatzen dituzten buru militarrek lekuan lekuko agintari politikoen babesa izaten dute. Beren buruari halako aginpide morala ematen diotenen babesa, hain zuzen.