GARA > Idatzia > Kultura > Musika

Lakuako Gobernuak dirulaguntzak banatzeko moduaren aurrean kezka azaldu du Euprelek

Kepa Junkerari 700.000 eurotik gorako dirulaguntza eman eta gero sortu den kalapitaren aurrean, Euskal Promotoreen Elkarteak bere kezka agertu, eta Jaurlaritzak kontu honetan duen jokabidea salatu du.

GARA | BILBO

Kepa Junkerari Lakuako Gobernuko Kultura eta Etxebizitza sailek hiru lan egiteko eman dioten laguntzak hautsak harrotu ditu euskal kultur komunitatean, eta musikariek agertutako kezkaren ostean, Euskal Promotoreen Elkarteak ere agertu nahi izan du bere iritzia.

Euprelek dirulaguntza horren gaineko informazio urria salatu du, baita Lakuako Kultura Sailaren eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren «jokabide iluna» ere. Izan ere, prentsako berrien, Aldizkari Ofizialean argitara emaniko erabakiaren eta Kepa Junkeraren agente eta Euprel elkarteko kide den Aitor Narbaizaren azalpenen bidez baino ez baitu izan kontu horren berri. «Horren aurrean, aipatu bi sail horiei [Kultura eta Etxebizitza Sailei, hain justu] hitzordua eskatzekoak gara», dio Euprelen agiriak.

Informazio falta horrek argi erakusten du, Euprelen ustez, «nola egiten den `kultur politika' musika industria erabat bazter utzirik».

Beraz, eskura duten informazioa kontuan hartuta, honakoa adierazi dute: «Euprel dirulaguntza hori eman izanaren kontra agertzen da, edozein sailek urteroko deialdiaz kanpoko dirulaguntzak zuzenean emateak beren proiektuak Eusko Jaur- laritzaren deialdiaren baitan aurkezten dituzten artista edota enpresak baztertu egiten dituelako, ohiko bidetik jotzen duten artista eta enpresa horiek ez baitute dirulaguntza horiek eskuratzerik». Laguntza horren zenbatekoak ere, garbi erakusten du «beste egitasmo batzuekin ez bezala jokatu dutela oraingoan». Zehaztu egin dute, ordea: «Ez gaitu diru kopuruak asaldatzen, aspaldidanik ari baikara eskatzen diru gehiago» -Euskadiko Soinuak eta beste proiektu batzuk bideratzeko-.

Kepa Junkerak aurkezturiko egitasmoak hainbesteko babesik merezi ote duen edo ez aztertzen hasi gabe, salatzen dute ez dela argitu diru hori emateko «izan diren arrazoiak» eta «gure `kultur enbaxadoreak' hautatzeko eskumena» nork eman dien erabakia zuzenean hartu dutenei: «Dirulaguntzak zuzenean emate hori onartezina baita, dirulaguntza emate orok berez behar duen bermerik gabe (ebaluazio epaimahaia, aukera berdintasuna, baremoak, helegitea aurkezteko aukera...) eta irizpide subjektiboen menpe».

Jarraian, gaineratu dute: «Euskal Jaurlaritzak bere burua nola gutxiesten duen ikusten dugu, `Euskadiko Soinuak' baita Jaurlaritzak euskal musika esportatzeko sortu zuen tresna». Gobernuak berak sorturiko programa- ren aldean, «erabakimen eta aurrekontu handiagoa» duenik badela adierazi dute.

Gainera, auzi honetan bada beste alderdi bat «nekez ulertzekoa»: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila izatea dirulaguntza horren %67 jarri duena. Horiek guztiak kontuan hartuta, Euprelen iritziz, aspaldian esan izan dutena frogatu du gertaera honek: «Inprobisazioa, kultur gestioan, eta helburu garbiak eta lan ildo jakinak dituen kultur estrategiarik ez izatea dira euskal kulturak aspaldidanik dituen arazoak». Premiazkotzat dute, beraz, «kultur politika hau iraultzea».

PROMOTOREAK

Musikariekin zuzenean lan egiten duten Euskal Herriko hamalau musika promotore eta «management» etxek osatzen dute agiria aurkeztu duen Euprel elkartea.

KEZKAREN ARRAZOIA

Elkarteak argi utzi nahi izan du beraien kezka nagusia ez dela Kepa Junkera, Lakuak dirulaguntzak banatzeko darabilen jokabidea baino.

Zuzeneko musika bultzatzen duten enpresek osatzen dute Euskal Promotoreen Elkartea

Zuzeneko musikaren sektorea sendotzea eta profesionalizatzea helburu nagusitzat hartuta, Euskal Herriko hogei enpresa inguruk sortu zuten Euskal Promotoreen Elkartea, Euprel, 2005ean.

Egun, hamalau enpresa dira elkartea osatzen dutenak: Alaiki, Amalur, AudioMic Producciones, Baga Biga Musika Ideiak, Gintonic, Kalean, Kap Produkzioak, Kemen Musikagintza, Serrano Producciones, Syntorama, Starlan, Txalupa, Txintxarri Management eta Zubikoa Management.

Behin Kultura eta Etxebizitza sailetara bilera eske joanda, Euprel elkartea zain dago orain, Eusko Jaurlaritzak noiz deituko, edo zein azalpen emango.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo