Aipagarriak
Arte Ederren Museoak aurten arreta bereziz egin du lanen zaharberritzea
Bilboko Arte Ederretako Museoak zenbait artelan eraberritu ditu aurten ere El Corte Inglesen laguntzarekin. Mendeurrena dela-eta, oraingoan hautaketa zorrotza egin dute punta-puntako teknikak eta teknologia berriak erabiliz. Antzinako artelanak eta arte garaikideko lanak berriztatu dituzte, baita Anselmo Guinea eta Il Maltese egileenak ere.
Ianire RENOBALES | BILBO
Bilboko Arte Ederretako Museoak «Zaindu-El Museo Restaura» programaren azken emaitzak aurkeztu zituen atzo. Gurutz Larrañaga (Kultura, Turismo eta Kiroleko sailburuordea), Inocencio Gutierrez (El Corte Ingleseko zuzendaria), Javier Viar (Museoko zuzendaria) eta Jose Luis Merino (Museoko Kontserbazio eta Errestaurazioko burua) izan ziren atzo ekimen honen inguruko azken berriak ematen.
Museoak 1990ean hasi zuen lankidetza El Corte Inglesekin. Akordio haren bidez, artelan batzuk berriztatzeko lanak gauzatzen zituzten urtero. 2000. urtean helburuak zabaldu egin zituzten «Zaindu-El Museo Restaura» programa eratuz, eta aurten, Museoaren urteurrena ospatzeko, inoiz baino hautaketa zorrotzagoa egin dute.
Hautaketa handinahizkoa
Urtez urte, interes handiko lan batzuk hautatzen dituzte; bai bilduma baten pieza aipagarriak direlako, bai horien gaineko ikerketak emaitza esanguratsuak eskain ditzakeelako. Gauzak horrela, pieza hauen baldintzak hobetzeko tratamenduak eta zaharberritze prozesu konplexuak aplikatzen dituzte. Oraingoan, lau multzotako obrak aukeratu dituzte.
Berriztu duten lehenengo lana Anselmo Guinearen «Kristaua!» izan da (264 x 395 cm). Koadro hau Bilboko Foru Jauregiko hallean egon da gordailuan 1967tik. Konponketa abian jarri berri den Najerako Santa Maria La Real Trebakuntza Zentroan egin dute. Museoak duen «fondo gordeetatik» hartu dituzte bigarren multzoko lanak. Francesco Noletti Il Maltese margolariaren «Natura hila tapizarekin, frutekin eta aingeru batekin» mihisea lehengoratu dute. Gainera, artista honen beste bi margo daude bertan eta erradiografiak egin dituzte Nolettik erabilitako materialak ikertzeko eta egilearen teknikak hobeto ezagutzeko. Hirugarren multzoa antzinako artea izan da. Blasco de Grañeteren tailerrean egindako estilo gotikoko «San Joakin eta Santa Ana, tenpluaren atearen aurrean» taula eraberritu dute. Honekin, Museoak erretaula osatzen duten sei piezetako bost konpondu ditu jada; eta seigarrena, datorren urtean berriztatuko du. Azkenik, arte garaikideko lanak hartu dituzte. Balerdiren «Konposizioa-86 II» landu dute. Bestalde, paperezko euskarria duen Adolfo Guiarden lau marrazki tratatu dituzte, «Historiaurrea» sailekoak: «Artzaintza», «Nekazaritza», «Arrantza» eta «Merkataritza». Azkenik, kartoi gainean egindako Antoni Tapiesen «Zeinua eta materia 3-D» lana garbitu egin dute.
Obra hauek guztiek higadura txikiak eta urradurak zeuzkaten; konpontzaileen esanetan, biltegiratze txar bat dela-eta. Konponketa gauzatzeko, tratamendu kimikoak eta teknologia aurreratuetan oinarritutako erremintak erabili dituzte. Gainera, garbiketa sakonak egin dizkiete piezei orbanak kentzeko. Teknika hauek aplikatu ostean lortu den emaitza ikusgarria izan da.
Museoaren mendeurrena ospatzeko asmoz, zaharberritzeko lanen hautaketa zorrotzagoa izan da aurten. Besteak beste, Il Malteseren eta Anselmo Guinearen lanak, antzinako artelanak eta arte garaikidekoak konpondu dituzte.