GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Etxeraten manifestazioak 1.600 atxikimendutik gora jaso ditu jada

Ehunka lagunek agertu dute datorren urtarrilaren 3rako Etxeratek, presoen eskubideen alde, Bilbon deitu duen manifestazioarekiko babesa. Sinatzaileek hainbat eskari luzatu dizkiete gainera, Gobernu espainolari eta frantsesari: larriki gaixo diren edota kondena betea duten presoak kaleratu ditzatela eta sakabanaketa behin betikoz bertan behera utz dezatela. Gizarteari mobilizazioan parte har dezan dei egin diote.

p010_f02_111x111.jpg

GARA |

Datorren urtarrilaren 3an, presoen eskubideen defentsan, Bilbon egitekoa den manifestazioak sostengu zabala jaso du dagoeneko. Horren erakusgarri da Etxeratek mobilizazioa iragartzeko plazaratutako agiriak jasotako atxikimendu kopurua, jada 1.600 baino gehiago baitira adierazpenarekin bat egin duten herritarrak.

Azaroaren 24an jarri zuten «Biziarteko zigorrik ez! Heriotza zigorrik ez!» izenburua duen manifestua Etxeraten web orrian; alta, joan den abenduaren 3an egindako prentsaurrekora arte ez zuten jendaurrean aurkeztu manifestua. Oso denbora tarte laburrean batu ditu Etxeratek, beraz, atxikimendu horiek guztiak.

Era guztietako jendea dago sinatzaileen artean, hala nola arkitekto, pediatra, topografo, etxeko andre, hezitzaile, kirol-monitore, ekonomialari, psikologo, okin, kimikari eta erizainak. Zerrenda luze horretan hainbat aurpegi ezagun ere topa daitezke, besteak beste, Iñigo Santxo abokatua, Julen Zelaieta, Unai Iturriaga eta Erika Lagoma bertsolariak, Mario Rosetto italiar preso anarkista eta Mikel Mendibil marrazkilaria.

Norbanakoez gainera, talde eragileak ere badira sinatzaileen artean: Comite de Solidarite Le Peuple Basque, Askapena, Gizabanakoen eta Gizarte Eskubideen Babeserako Elkartea edota Herri Norte eta Indar Gorri taldea, besteren artean.

Espetxe frantsesetan eta espainoletan sakabanatuta dauden 750 euskal preso politikoak egoera «benetan kezkagarrian» daudela deritzote orain artean sinatu duten 1.600 lagunek.

Gaixotasun larriak dituzten presoak kaleratzea; biziarteko kartzela zigorra ezartzeko neurriak bertan behera uztea eta kondena betea duten presoak kaleratzea; eta azkenik, sakabanaketa politika bertan behera utzi eta euskal presoak Euskal Herrira ekartzea. Horiexek dira sinatzaile guztiek, egoera honen «arduradun zuzen» jotzen dituzten Gobernu espainol eta frantsesari luzatzen dizkieten eskariak.

Sinatzaileak gainera, gizarteari Bilboko manifestaziora joateko deia egiten dio manifestuaren bidez.

 
Benito lertxundi

Hitzordu ugari daude datozen egunetan Ipar Euskal Herrian presoen alde. Igandean Benito Lertxundiren kantaldia izango da Kanbon; 20an kontzertuak egingo dira Ezpeletan eta bertso saioa izango da Urruñan, 28an.

Asteartean Leioako ikasle eta irakasleek bat egingo dute

Hezkuntza arloko ikasle, irakasle eta langileak presoen eskubideen aldeko hitzordua dute datorren abenduaren 16an Leioako campusean. Bertan prentsaurrekoa eta manifestazioa egingo dute.

Herenegun, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunarekin batera, espainiar eta frantziar espetxeetan sakabanatuta dauden euskal preso politikoek bizi duten egoera «gordina» salatu nahi izan zuten hezkuntza arloko kideek eta era berean, datorren asteazkenerako Presoen Aldeko Taldeak Leioan antolatu dituen ekimenetan parte hartzeko deia egin zieten bertako ikasle, irakasle eta langileei.

Ezarritako espetxe politika «krudela» gogor kritikatu eta preso politikoen giza eskubideen ukazioa «eguneroko ogia» dela nabarmendu du PATek. Gainera, euskal preso politikoen kontra hartzen diren neurriak, «presoak pertsona gisa suntsitzeko» hartzen direla deritzote. Horiek horrela, Etxerat elkarteak kaleratutako manifestua tresna gisa erabiliz, azken asteetan atxikimenduak biltzen aritu direla ere esan dute.

Ohi bezala, atzo ere izan ziren presoen eskubideen aldeko mobilizazioak, Arrosadian 44 lagun batu ziren Iturraman 89, Txantrean 60 eta Donibanen 40.

GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo