GARA > Idatzia > > Kultura

Eszenak

Hiru Punttu antzerki taldeak «Fauxto» izeneko azken lana sortu du

A.B. | BAIONA

Hiru Punttu taldeak «Lurra» antzerkiarekin Toberei buruz abiatutako lanari amaiera emanen dio «Fauxto» izeneko azken obrarekin. Lau antzerkiz osaturiko tetralogia horrekin, Tobera edo Karrusa antzerki motaren atal ezberdinak aztertzen aritu da Hiru Punttu taldea. «Fauxto» izeneko azken atal horrek guztiaren sintesia ematen du. Horrela, 2002an sortu zuten «Lurra» antzezlanean «pertsona eta pertsonaien arteko mugak» aipatzen zituzten, «Beltzeria»n Toberaren gaian barnatzen zen, eta, «Euscaldunac», berriz, bertsolariak zituen aipagai.

Abenduaren 6an Anhauzeko plazan eginen da «Fauxto» izeneko azken atalaren lehen emanaldia. «Karrusa» izena aukeratu du oraingo honetan Hiru Punttuk obra izendatzeko. «Karrusa hitzak tobera erran nahi du Garaziko euskalkian. Toberetan botereak gainetik hitz egiten zuen eta jende xumeak lurretik. Karrusetan, orga edo gurdiekin sartzen ziren plazan boteredunak mintzatzeko», ekarri zuen gogora Iñaki Etxeleku Hiru Punttuko antzerkilariak.

Izenburuak aditzera ematen duen bezala, azken obra horrek Fauxto pertsonaia du aipagai. Fauxtok bere arima saltzen du betiko gazte izateko, eta Hiru Punttuk, istorio hori baliatu du antzezlana egiteko. Toberaren ale ezberdinak azalduko ditu antzerkiak, beraz. Eztabaida pizten duten gaiak aipatzeaz gain, benetako plazako antzerkia izango da «Fauxto». Eta, horretarako, dantza emanaldietarako erabiltzen diren espazio handietan agertzea erabaki dute. «Ez da dantzarik izango, baina, antzerkian etengabeko mugimendua izango da. Jokoan parte hartzeko maila ezberdinak izango dira. Karrusa, berez mugimendu handiko antzerkia da, eta bertikaltasunak hierarkia markatzen du», gaineratu zuen. Ikusleak zirkuluan izango dira sujetaren inguruan.

Ikus-entzuleekiko harreman zuzena izateko, inauterietako Zirtzila pertsonaiaren inguruan lan berezia egin dute. «Hau da antzerkiko pertsonaia nagusia, Santibate eta libertimenduaren boza», erran zuten egileek.

Iragan larunbatean Anhauzeko plazan estreinatu ostean, «Fauxto»ren beste lau emanaldi eginen ditu Hiru Punttu taldeak abenduan. Hurrengoa, gaur bertan, Domintxineko aretoan izanen da, eta bihar, berriz, Biarritzeko gaztetxean. Hilaren 19an, Hazparneko Ttattolan eginen dute emanaldia, eta abenduaren 20an Itsasun izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo