GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Floren Aoiz www.elomendia.com

Grezia-Euskal Herria; hurbil, urrun...

Grezian erabilitako protesta formak kritikatu arren, sakonean dagoen arazora jo beharra dagoela esaten digute Euskal Herriari begira kontrako ikuspegia dutenek

Norberaren ikuspegian hurbiltasun-urruntasun dikotomiak eragin zuzena duela jakina da, baita sarritan kontraesan eskandalagarrietarako beta bilakatzen dela ere bai. Adibidez, autodeterminazio eskubideari dagokionez, ur gaziaren teoriaren kasuan. Honen arabera, aipatu eskubidea soilik «kolonia» eta «metropolia»ren artean itsaso bat izanez gero aplikatzen ahal da. Gure herria ez da kolonizatua izan, teoria hau ontzat hartuz gero, ez baita itsasorik zeharkatu behar Madrilera edota Parisera joateko.

Beste adibide bat: Markos komandante zapatista guay da europar progre askorendako, zergatik eta Chiapasen dagoelako, jakina! Hanburgoko norbaitek herritar xumeen matxinadarako deia eginen balu aurpegia estaliz, progre horien kritika jasoko luke. Kritika eta -nola ez!- gaitzespena.

Sandinisten borroka armatua txalotzen zuten batzuek hemen esaten zuten indarkeria mota guztiak onartezinak zirela. Hego Amerikakoak «gerrillariak», Europakoak «pistoleroak». Gora iraultza sandinista baina indarkeria helburu politikoak lortzeko onartezina da. Jende askoren idoloa da Che Guevara, nahiz eta Boliviako gerrillan zegoelarik loreak ez, baizik eta balak jaurtitzen zituen. Baina Bolivia urrun dago.

Hemen, onartezina da ETAren indarkeria gaitzesten ez dutenekin herri bat gobernatzea, baina erabat zilegi, indarkeria horren kontra protesta egitea milaka lagunen heriotza ekarri duen Irakeko gerla bultzatu zutenen ondoan. Batzuk biolentoak, besteak demokratak. Hurbil, urrun...

Eta iritsi gara, behingoz, Greziara. Proposatzen dizuet Greziako gertaerak hemengo pentsamendu bakarraren arabera aztertzea: «Grezian guztiz onartezina den indarkeria erabili dute manifestariek jendartearen segurtasuna bermatzen duten polizien kontra. Gazte baten zorigaitzeko heriotza baliatuz, Poliziaren indarkeria kritikatzeko zilegitasunik ez duten biolentoek kale borroka erraldoia antolatu dute. Estremista hauek greziarren bizikidetza hondatu nahian dabiltza eta ez dute aintzat hartzen herriaren benetako ordezkariak hauteskundeetan aukeratutako hautetsiak direla.

Izan ere, ezin da inolako helburu politikorik defendatu harriak bota, zakarrontziei su eman edo banketxeei erasoz. Ez dago hori justifikatzen duen arrazoirik!

Gauzak horrela segituz gero, Gobernuak istiluen atzetik dauden alderdi eta bestelako erakundeak legez kanpo utzi beharko ditu. Biolentoak isolatzea beharrezkoa da, instituzioetatik kanporatu behar dira; ez zaie ezta Greziako herri txikienaren udal mailako gobernua ere utzi behar. Terroristak dira eta tratamendu berezia merezi dute».

Baina, to, hau esan beharrean, batzuek Greziako «kale borroka» ulertzeko, kontestualizatzeko, argudiatzeko eta aztertzeko arrazoi politikoak eta ekonomikoak aipatu dituzte. Erabilitako protesta formak kritikatu arren, sakonean dagoen arazora jo beharra dagoela esaten digute Euskal Herriari begira kontrako ikuspegia dutenek. Hau da, aitortzen dute Greziako indarkeria leherketa horren azpian, atzean edo nahi duzuen moduan, konpondu gabeko arazo politikoak daudela, eta hauek eragin dutela gazte eta beste batzuen oldartzea. Hurbil, urrun...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo