Hamar urte, eta behar diren beste, euskaraz bizi ahal izan arte
Hamar urte eraginez, hamar urte eginez... Dagoeneko hamaikagarren urtea ere bete dutenean, hamarkada luze horren gainbegiratuari amaiera emateko, Euskararen Kontseiluak ekitaldi ikusgarria egingo du gaur, Barakaldoko BECen.
Janire ARRONDO
Sortu zutenetik hamarkada luzea igaro denean, hamargarren urteurrena ospatzen ari da Euskararen Kontseilua. 1995ean Egunkaria Sortzen elkarteak egindako bilera batean argi geratu zen euskalgintzako sektoreak batzeko eta gizarte eta politika arloan eragiteko erakunde baten beharra zuela euskarak. Urtebeteko hausnarketaren ondoren, «Euskal Unibertsoa» izeneko jardunaldiak egin zituzten Donostian, martxoan. Bertan, 400 eragile inguru bilduz, geroko Kontseilua izango zenaren oinarriak ezarri zituzten.
Handik bi urtera, ideia horiek guztiak nolabait antolatzeko beharra zegoela-eta egin zuten 1997ko abenduaren 6an Durangoko Historia museoan sortze batzarra. Bertan finkatu zituzten estatutuak, lehenbiziko egitasmoak eta erakundeko zuzendaritza. Hasiera hartan denborarekin desagertzeko erakunde moduan sortu bazen ere, hamar urtean lanean iraun du «euskararen normalizazio bidean», eta oraindik ere pixka batean jarraitu beharko du.
«Bai euskarari»
Hasiera haren ikur bihurtu zen ekitaldi ikusgarria urtebete geroago iritsi zen. Euskararen aldeko erakunde batek sekula egin duen ekitaldirik jendetsuena egin zuen 1998ko abenduaren 26an Kontseiluak. Sortzearekin batera abiatu zuten «Bai euskarari» kanpaina gizarteari ezagutzera emateko egin zuten ekitaldia. Gainera, hasiera batean kirol estadio bakar batean egitea pentsatu bazuten ere azkenean, indarrak bildu, eta apustu handiagoa egin zuten.
123.000 lagunek elkarrekin oihukatu zuten «Bai euskarari» Euskal Herriko bost kirol estadio handitatik. Angeluko Aguilera, Bilboko San Mames, Donostiako Anoeta, Gasteizko Mendizorrotza eta Iruñeko orduko Sadar, hamar urte geroago ahaztu ez den ekitaldiaren testigu izan ziren. Ez zen nahikoa lekurik ordea, 20.000 lagun inguru lekurik gabe geratu baitziren estadioen kanpoaldean. Beste horrenbeste ere izango ziren telebistaz jarraitu zutenak. Bestalde, hainbat gizarte eragile eta erakundek sinatu zuten Bai Euskarari Akordioa urte haietan. 1998ko abenduan bertan egin zen hura sinatzeko lehen ekitaldia, Iruñean hain zuzen ere. Atzetik etorri ziren Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako sinatzeak, Euskal Konfederazioarekin batera bideratutako lanean. 2000ko otsailerako, 900 eragilek eta gehiagok sinatua zuten Bai Euskarari akordioa.
«Gizarte osoa euskararen aldeko neurriak hartzera eramango zuen prozesua» jarri zuten martxan Bai Euskararen akordioaren Plan Estrategikoarekin. Akordioa sinatu zutenak izan ziren plana aurrera ateratzeko ardura hartu zutenak.
Beste hamaika ekimen jarri zituen martxan Kontseiluak. 1999an esaterako, «lanordu bat euskararen alde» kanpaina abiatu zuten, eta milaka izan ziren bere lanordu bat euskarari eman ziotenak.
Handik urtebetera iritsi zen Bai Euskarari Ziurtagiria, «lan munduan eragiteko asmoarekin eta euskararen alde ziharduten enpresei eta komertzioei aitortza publiko bat ematearren». Gaur egun, 1.500 baino gehiago dira ziurtagiria duten enpresa eta elkarteak.
2001an sortu zuten euskaldunen hizkuntza eskubideak babestea helburu zuen tresna, Hizkuntza Eskubideen Behatokia. 2004rako lortua zuten Euskal Herriko hamaika alderdi eta sindikatuk akordioa sinatzea.
Erakunde eta enpresetatik harago, herrietan ere erein du hazia Bai Euskarari Akordioak. Herritarren parte-hartzea bultzatzeko gizarte eragile eta udalekin batera martxan jarri zituzten tokian tokiko planak. Horrela, lan horren lekuko dira Tafalla, Amurrio, Uztaritze, Basauri zein Donostia. Hala, Euskal Herriko 120 herriraino iritsi da ekimena.
«Euskaraz bai»
Hamar urteren ondoren, «Bai Euskarari» esatetik harago, «Euskaraz bai» esatera igaro nahi du Kontseiluak. Erakundeko idazkari nagusiaren hitzetan euskarak babesa jasotzeaz gain, «ezagutzea eta erabiltzea ezinbesteko ditu».
«Euskaraz bizitzea da gure aukera eta ahal izateko baldintzak sortu nahi ditugulako ari gara lanean» adierazi dute Kontseilukoek, eta horretarako deia egingo dute gaur Barakaldoko BECen milaka euskaltzaleren aurrean, «gure bizitza euskaraz normaltasunez egin nahi dugu», aldarrikatuz.
Aurrerantzean ere, euskararen normalizazio bideari «gogotsu» ekingo diotela nabarmentzen dute Kontseiluko kideek, honakoa gaineratuz: «`Euskaraz bai' ozen esateko herritarren ahotsa behar dugu».