Gaindegiak Seaskako ikasle ohien bilakaera ikertuko du
A.M. |
Hezkuntek eta Seaska elkarteek eskatuta, Gaindegiak ikerketa berezia abiatuko du negu honetan. Seaska saretik igaro diren ikasleek bai hezkuntzan, bai lan arloan izan duten bilakaera aztertzea da elkarlan horren helburua.
Ahalegina ez da nolanahikoa. Izan ere, ikasle guztiengana iristeko asmoa dute. 1985ean, lehen aldiz brebeta (baliogarritasun azterketa) gainditu zutenak eta azken ikasturtean baxoa (batxilerra) lortu dutenak kontuan hartuta, guztira 1.400 bat pertsona izanen direla uste dute.
Deia ikasle guztiei
Kopurua handia izaki eta ikasle horiek guztiak lokalizatzea ia ezinezkoa denez, hiru elkarteek dei berezia egiten diote Xalbador, Pierres Larzabal, Manex Erdozaintzi edota Bernard Etxepare ikastetxeetatik pasa diren ikasleei zuzenean beren berri ematera.
Inkesta bakoitza betetzeak bi oren hartuko ditu gutxi gorabehera, baina egitasmoak pena merezi duela nabarmendu dute: «Seaskak berrogei urtez egindako lanaren bilana egiteko eta euskarazko irakaskuntzaren gerorako ez ezik, etorkizuneko langileen kalifikazioak aurreikusteko ere, datu horiek ezagutzea biziki inportantea da».
Horiek horrela, ikasle ohiek beren telefono zenbakia edota helbide elektronikoa Gaindegiari helarazteko eskatzen dute. (ipar.eh@gaindegia.org edota 06 77 93 47 56 telefonoa)
Metodologia ahalik eta arinena ezartzeko webgune bat prestatu dute, ikasleek galderei bertatik erantzuteko. Paperean egiteko aukera ere izango dute.