Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala
Kaiola barruko beste festa
Giro aparta espero da gaur Tolosan Mendizabal eta Olaetxeak jokatuko duten zilarrezko finalean.
Asier AIESTARAN | DONOSTIA
Aurreko astelehenean Donostian jokatutako final nagusiaren ondoren, esku-pilotak beste festa handi bat biziko du gaur arratsaldean Tolosako Beotibar pilotalekuan (17.00). Izan ere, Aratz Mendizabalek eta Mikel Olaetxeak Bigarren Mailako Lau eta Erdiko Txapelketaren finala jokatuko dute bertan. Bi pilotari gazte, biak gipuzkoarrak eta neurketa, Tolosan larunbat arratsaldean; osagai egokiak pilotaz gozatu eta azkenaldian zilarrezko finaletan gertatzen den moduan festa ederra antolatzeko.
Kirol arloari dagokionez, Mendizabal irtengo da faborito moduan. Ez da ahaztu behar Zaldibiako aurrelariak irabazi zuela txapela orain bi urte eta finalerdietako ligaxkan ere 22-15 menderatu zuela Olaetxea. Are gehiago, ligaxkan jokatutako hiru partidak irabazi egin ditu itxura oso ona emanez. Esperientzia eta estatistikak, beraz, Mendizabalen alde.
Mikel Olaetxeak, aldiz, ez du ezertxo ere galtzeko eta partida guztietan erakusten dituen ilusioa eta bizitasuna biderkatu egingo dira gaur. Gauza jakina da profesional mailan lehen finala jokatzea berezia izaten dela eta urduritasunak ere bere eragina izan dezakeela, baina Lizartzakoak behin baino gehiagotan erakutsi izan du ez dela plazan behera etortzen den horietakoa. Esaterako, Bellosoren aurka Legazpin jokatu zuen neurketa erabakigarrian 10 eta 5 galtzen hasi arren partidari buelta ematea lortu zuen eta emaitza oso argiarekin irabazi (22-11).
Tolosako jaialdia 17.00etan hasiko da eta ezin izango da telebistaz ikusi. Ez da, hala ere, Gipuzkoako jaialdi bakarra izango. Urretxun, bertako festetan, Titin eta Laskurain Berasaluze eta Belokiren aurka neurtuko dira.
Telebista Iruñean
Eguneko beste jaialdi nagusia Iruñeko Labrit pilotalekuan ospatuko da. Bertan, Bengoetxea VI.ak eta Gonzalezek hasiera emango diote aurtengo buruz buruko BBK Mastersari (18.15). Berrikuntza nagusia sakean egongo da, pasa eginez gero aurkariarentzat tantoa izango baita zuzenean. Gaurko irabazleak Irujoren aurka neurtuko ditu indarrak datorren astean
Telecincok partida hori eskainiko du larunbateroko «Fronton» saioan, baina ez du zuzenean emango, aurrez grabatuta 19.30ean hasiko baita telebista emanaldia. Zuzenean ikusi nahi duenak TDT bidez ikusten den Telecinco 2 katean ikusi beharko du, 18.00etatik aurrera.