GARA > Idatzia > Iritzia > Editoriala

Euskal Herriko nazio selekzioaren alde

Euskal Herriko selekzioaren alde eta Euskadiko Futbol Federazioak haren izena aldatu izana salatzeko euskal futbolariek gizartean zabaldu zuten agiriak, ondoren ia 800 kirolariren sostengua jaso zuenak, atxikimendu ugari izan du euskal gizartean. Horren erakusgarri, ESAITek eta beste hainbat kolektibo sindikal eta sozialek deituta abenduaren 27an Bilbon egingo duten manifestazioa. Futbolariek beren agirian bezala, euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatuko dute, Euskal Herriak nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko aukera, alegia. Eta, jakina, euskal futbolariek euskal selekzio ofizial horretan jokatzeko aukera ere bai, egun ez baitute espainiar edo frantziar selekzioetan jarduteko aukera baino, euskal kirolari gehienek bezala. Helburu hori lortzeko bidean, urtero antolatzen den futbol partiduak selekzio ofizial propioa izateko borondatearen adierazle izan beharko luke, baina, atzo salatu zutenez, partidua bera helburu bihurtu dute.

Joan den urtean futbol jokalarien eta Euskadiko Federazioaren arteko akordioak, alegia, selekzioa «Euskal Herria» izendatzeak, gizarte sostengu nabarmena jaso zuen, Kataluniaren kontrako partidua jokatu zuen egunean argi ikusi zenez. Federazioak, ordea, aldebakarreko erabakia hartu zuen, sumatzen zailak ez diren presioak direla-eta, akordio hura apurtzeko. Nolanahi ere, arazoaren muina ez da izendapen hutsa, ez da adierazle kontu soila. Nazio gisa, eta ez beste nazio baten autonomia erkidego gisa jokatzeko eskubidea da jokoan dagoena. Futbol jokalariek, Euskal Herri osoko jokalariek, beren burua ordezkatzen duen selekzioan jokatzeko duten eskubidea. Eta hori euskal selekzioaren ofizialtasunak bermatuko luke, gaur egun ofizialtasun bakarra espainiarra eta frantsesa baino ez baita.

Esanguratsua da azkenaldion ofizialtasunerako bidean oztoporik handienak Lakuako Gobernuak jartzea. Izan ere, aldarrikatzen duen «Euskadi» horren irudiko eta antzeko kirol selekzioak nahi ditu, euskal nazioaren zatiketa administratiboaren araberako marko autonomikoa ontzat joko duten selekzioak, hain zuzen; hala ere, oraingoan erantzun sendo batekin topo egin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo