Kopa
Lehen Mailako taldeei begira arituko da Aviron Nimesen zelaian
Jon LEUNDA | BAIONA
Ilusioz gainezka jokatuko du Avironek Frantziako Kopako zortzigarren kanporaketa, hau gaindituta Lehen Mailako baten aurka jokatzeko parada izango baitu.
Nimesen arituko da gaur, 18.30etik aurrera. Kanporaketa partida bakar batekoa da, eta aurkaria Bigarren Mailakoa du talde zuri-urdinak. Hala ere, Estatu frantseseko ligetan maila batetik bestera aldeak oso txikiak dira. Nimes Aviron baino maila bat bakarrik dago gorago, baina sailkapenean azkena dago, oso puntu gutxirekin, eta bien arteko aldeak oso txikiak dira.
Ligako egoera kontuan hartuta, Baionan itxaropen handiak dituzte, eta kanporaketa gaindituko duten ilusioa ere ez zaie falta, ondoren sari potoloa izan baitezakete. Lapurdiko hiriburuan, gainera, azken urte hauetan Lehen Mailakoen aurka jokatzen ohitzen ari dira, eta horrela jarraitu nahi dute, beraiek maila horretara heldu bitartean.
Alain Pochat entrenatzaileak ez du hamaikakoa ezagutzera eman, baina deialdia bai. Honako hauek osatzen dute: Ximun, Bouet, Camiade, Degoul, Estrade, Roland, Amieux, Perali, El Hajam, J.Lalane, Elisalt, Escude-Candau, Choplin, Heckly, Poueys eta Seidou.