GARA > Idatzia > Kirolak > Errugbia

Ohorezko Maila Liga

Spyro Bera Berak egoera goxatzeko beharrezkoa du Cajasol menderatzea

J.L. | BIARRITZ

Atsedenaldi luze baten ostean, berriro itzuliko da Ohorezko Maila. Gaur hasiko da jardunaldia euskal taldeentzat, eta bihar amaitu. Hiru euskal taldeen artean, egoerarik latzena Bera Berak du. Donostiarrak sailkapeneko atzealdean dabiltza, eta handik irteteko garaipena ezinbestekoa dute.

Bihar, 11.30etik aitzina, Casasol Ciencias hartuko du talde donostiarrak. Une honetan berdin zaio aurrean zein duen, garrantzizkoa puntuak batzea baita. Denboraldi hasieran ez zen uste Gipuzkoako hiriburukoak horrela ibiliko zirenik, ustez askoz hobeto ibiltzeko taldea egin baitzuen, baina denboraldi hasiera honetan emaitzak ez dira onak izan eta bolada horri amaiera emateko aukera bikaina izan dezakete bihar.

Gipuzkoako beste taldeak, Am po Ordiziak, alegia, bihar Santboianaren zelaian jokatuko du, 12.30ean hasita. Axio Arañak zuzentzen duen taldeak denboraldi bikaina darama. Orain arte jokatu dituen partida guztietan atera du punturen bat, eta horrela, sailkapeneko goialdean jarraitzen dute.

Bide horretatik jarraitzeko aukera ona izango dute Bartzelona aldean. Santboiana ez da orain dela urte gutxi batzuk bezalakoa, eta lau puntuak Gipuzkoara etortzea ez litzateke ezuste handia izango.

Gaur jokatuko duena, Getxo Artea izango da. Bizkaitarrek ere denboraldi bikaina daramate, eta hortik jarraitzeko modua izan dezakete gaur Valladoliden. Aukera handiak dituzte 16.30ean hasiko den norgehiagoka honetarako. Jeremias Palumbo argentinarra sasoiko dago, gainera, eta gaur ere garrantzitsua izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo