GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

HARRI-JASOTZEA

Lau kirolari arituko dira Harri Handien lehian

J.L. | DONOSTIA

Abenduaren 21ean jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Euskal Herriko Harri Handien Txapelketa. Atzo egin zuten aurkezpena udaletxean bertan.

Lau kirolari izango dira lehian. Irigoien, Lertxundi, Ostolatza eta Urpe. Joseba Ostolatzak, ordea, arazo fisiko batzuk ditu eta zalantzan dago, nahiz eta berak parte hartu nahi duen: «Eskuan lesio bat dut, eta ikusiko dut nola erantzuten duen astean zehar. Hala ere, nik parte hartu nahi dut. Lehiaketa hau antolatzea dezente kostatu da, eta uste dut Azpeitiko antolatzaileek merezi dutela han izatea», esan zuen. Harrien aldetik ere ez da aldaketarik izango eta aurreko urteetako berak izango dira. 200eko zilindroa edo errektangularra, 175eko errektangularra edo zilindroa, aurretik erabiltzen dutena ezingo da errepikatu, 150eko kubikoa eta 125eko bola.

Aurtengo berrikuntza nagusia, antolatzaileek jarritako sari gehigarria izango da. Izan ere, aurreko urteetako marka apurtzen duenak, 2.000 euro jasoko baititu. Marka horren jabea Irigoien da, eta berak guztira 9.475 kilo dauzka jasota. Marka hori iaz egin zuen, eta inork apurtzekotan, berriro ere berak izango ditu aukerarik gehien. 200 kiloko errektangularrari 8 jasoaldi eman zizkion, 175eko zilindroari 17; 150eko kubikoari 16 eta 125eko bolari 20. Esan beharrik ere ez dago Irigoien bera izango dela txapela janzteko faboritoa.

Harri-jasotzaileekin jarraituz, gaur bertan hiru marka ahalegin izango dira Zizurkilgo pilotalekuan, 18.00etan hasita. Bertan, Jon Tejedori omenaldia egingo diote. Halterofiliako kirolaria zenez, kirol horrek izango du protagonismoa, baina harri-jasotzeak ere bai. Telleria IV.ak 100 kiloko zilindro zaharra jaso nahi du 13 urterekin. Ez dira asko adin horrekin horrelakoak egindakoak. Telleria II.ak 175 kiloko zilindro zaharra berdindu nahi du, eta Telleria III.ak pisu bereko errektangularra. Hirurak ere marka pertsonala egingo dute helburua betetzea lortuz gero.

Sokatira

Astebeteko atsedenaldiaren ostean, berriro itzuliko da Euskal Herriko Lauko Txapelketa. Gaur Legution 300 eta 250 kilotakoak neurtuko dira, 17.00etan hasita.

300 kilotan, mutilak, honako hauek izango dira: Berriozar A, Berriozar B, Auzolan, Sokarri A, Sokarri B, Abadiño, Baiona, Amaiur A eta Amaiur B.

250 kilotan, neskak, honako hauek izango dira: Beti Gazte A, Beti Gazte B, Sakana, Amaiur A, Amaiur B, Badaiotz A, Badaiotz B eta Berriozar. Aipaturiko bi pisu hauetan lehen jardunaldia jokatuko da gaur.

Bihar, berriz, 300 kilotako bigarren jardunaldia jokatuko da, eta lehiaketa Berriozarren ikusi ahal izango da, 12.00etatik aurrera. Bertan, gaur Legution izango diren talde berak izango dira, eta biharkoarekin bigarren jardunaldia beteko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo