Donostiako Urrezko Domina Mikel Laboari ematea onartu du Udalak
GARA | DONOSTIA
Donostiako Udaleko Gobernu Batzordeak hiriko Urrezko Domina joan den abenduaren 1ean 74 urterekin hil zen Mikel Laboari ematea onartu zuen atzoko batzarrean.
Abeslariaren heriotzaren ostean Udaleko talde guztiek bultzatutako proposamena hilaren 23ko Udalbatzan onartuko dute. Ramon Etxezarreta Kulturako zinegotziak adierazi zuenez, dominaren bitartez, «Laboaren biografia artistikoa eta giza kalitatea» aitortu nahi izan dituzte, «euskal kultura garaikideko irudi handienetakoa» denak «belaunaldi guztien onespena» jaso baitu. Etxezarretak, hala ere, aitorpen hori «lehenago ailegatu» behar zela onartu zuen.
Donostiarekin lotura berezia izan duen artista izanik, Mikel Laboak Gipuzkoako hiriburuko kultur jardueran eta gizarte giroan erakutsi zuen konpromisoa eta hari egindako ekarpena eskertu nahi izan zituen Etxezarretak.
Udalak, bestalde, liburu bat ere ipini zuen udaletxeko sarreran, nahi duen herritarrak bere doluminak adierazteko.