GARA > Idatzia > > Kultura

Eztabaida, kontzertu eta omenaldiarekin amaituko da aurtengo Feministaldia

GARA | DONOSTIA

Donostiako Artelekun ospatzen ari den Feministaldiak, Kultura Feminista Jaialdiak, gaur emango dio amaiera ekintzaz beteriko asteburuari. Plazandreok, Emakumeen plataforma politikoak antolatua, helburu dibulgatzailea, praktikoa eta ludikoa du jaialdiak. Emakumeei zuzendutako jabekuntza tailerrek emango diote hasiera gaur egunari. «Marrazketa, feminismoak eta DIY kultura -Do it yourself (Zuk zeuk egin ezazu)-» izenekoan, marrazketara hurbiltzeko aukera izango da. «Komikia, emakumeak, begiradak eta trazuak» deituriko tailerrean, bestalde, emakumeek sortutako komikiaren ibilbide historiko eta geografikoari buruzko azalpenak emango dituzte. «Espazio imaginarioak arte lanean» eztabaida ere izango dute, Azucena Vieites, Izibene Oñederra eta Josune Muñozen parte-hartzearekin.

Omenaldi xumea

Plazandreok-eko kideentzat une berezirik ere izango da gaurkoan, arratsaldean Korori, elkarteko kide eta ekintzaileari omenaldia egingo baitiote. Ondoren, Mikronarrazio lehiaketako sariak emango dituzte. Lehen aldiz antolatzen den honetan, artea, aktibismoa eta pentsamendua lotzen dituen mezurik onena sarituko dute.

Aurtengo Feministaldia bukatzeko, Diane Torr-en «Drag Kings and subjects» perfomancea eta Lidia Damunt, Afrika Bibang eta Marlen Ebony musikarien kontzertuak izango dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo