GARA > Idatzia > > Kultura

Hernandez Abaituak «Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza» dakar plazara

GARA | DONOSTIA

Mikel Hernandez Abaitua irakasleak Ramon Saizarbitoria idazle donostiarraren lehenengo hiru nobelak, «Egunero hasten delako» (1969), «Ehun metro» (1976) eta «Ene Jesus!» (1976) aztertu zituen bere doktore tesian, eta orain argitara eman du lana, Euskal Herriko Unibertsitatearen bitartez. Epaimahaiak bikain cum laude kalifikazioa eman zion. Tesiaren aurkezpenak 20 bat entzule bildu zituen, horien artean Lourdes Ońederra eta Patxi Goenaga euskaltzainak zeudela.

Cum Laude jaso zuen lana liburuan aurkeztu zuen atzo, Donostian, Hernandez Abaituak berak, Saizarbitoria idazle aztertua eta Jon Kortazar literatur kritikan aditua lagun zituela.

Tesiaren egileak bospasei urte igaro zituen donostiarraren lehen hiru nobelak aztertzen eta bere ondorio nagusietako bati kasu eginez, «Saizarbitoriaren obraren eta nouveau roman delakoaren artean neurriz gaineko erlazioa ikusi da». Lehen eleberriak aztertzeko arrazoiak azaltzean, bestalde, «hiru nobela horietan bazegoen ibilbide bat, ireki eta itxi egiten zena», esan zuen egileak.

«Ene Jesus»

Hernandez Abaituaren tesiaren arabera, «Saizarbitoriak miresten zituen autore horiengana hurbildu nahi zuen, nouveau roman tankerako nobelak idazteko intentio auctoris bat zuela». Hala ere, ezaugarri hori soilik «hirugarren nobela arte, «Ene Jesus!» arte» betetzen da.

Lan hori da, hain zuzen ere, lehen hiruretatik gutxien aztertu izan dena, Hernandez Abaituak bere lana egin arte. Tesia defendatu ostean «Egan» aldizkarian kaleratu zituen irakasleak nobela horri buruzko ondorioak, eta tesiaren laburpena eman du plazara orain, EHUk argitaratua.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo