GARA > Idatzia > > Kultura

Napoles, Niza eta Bartzelonako artea Internet sarearen bitartez Bilboraino zabaldu zen

Internet izan zen komunikatzeko bide bakarra. Napoles, Niza eta Bartzelonatik sarearen bidez artea zabaldu zuten, eta hala, hiru hirietan gauzatutako ekimenak Bilboraino eta Bariraino iritsi ziren.

Ianire RENOBALES | BILBO

Napoles, Niza eta Bartzelonako artea Internet bidez zabaldu zen munduan zehar. Horrela, bi hiri gonbidatu zituzten beraien emanaldietara: Bilbo eta Bari. Estatu antolatzaile bakoitzean artearen alorreko adituak bildu ziren ordenagailuen aurrean eta egun osoan zehar aurkezpenak, hitzaldiak eta mahai-inguruak eskaini zituzten, soilik, sarearen bitartez. Europako hiru hiriak euren artean komunikatuta egon ziren egun osoz, eta bakoitzak prestatzen zituen ekintzak pantailatik jarraitu zituzten gainontzekoek. Hau da, hiri batean artelan bat azaltzen zenean, Bilbotik eta Baritik horri heltzen zioten eta proposamenak aireratzen zituzten, aurrez aurre baleude bezala. Horrela, arte globalaren kontzeptua ikertu zuten. Teknologia berriak erabilita, artistek beren obren berri eman zuten ordenagailuak eta ziber-konferentziak erabilita. Hiri bakoitzeko bi artistek lanak erakutsi zituzten. Bestalde, beste bi sortzailek proiektu bana proposatu zuten. Mahai-inguru eta aurkezpenen ostean, proposamen berri bati ireki zioten bidea. Hiru hiriak biltzen zituen proiektu bati buruz aritu ziren eta hori martxan jartzeko ideiak ere sarearen bitartez azaldu zituzten.

Bilbo gonbidatua izan da

Aipaturiko hiru hiri horiek egin zitzaketen soilik mahai-inguruak eta aurkezpenak, baina Bilbo eta Bari gonbidatu zituzten ekimena zuzenean jarraitzera. Cristina Miranda del Almeida EHUko irakasleak Arte Globaleko antolatzaileekin lan egiten du, eta bera izan da Bilboko hiria eta ekimena bera lotu dituen zubietako bat. Mirandaren ustez, «Global Artek globalizazioaren gaia jorratzen du gogoeta modu poetikoan bultzatuz eta ikuspegi artistiko batetik abiatuz». Ekitaldia publikoa izan zen, baina etxeko ordenagailutik jarraituz gero, hiri bakar bat ikus zitekeen aldi bakoitzean. BilbaoArtek hiriburuan duen egoitza erabili zuen hiru hirietan gertatzen ari zirenak aldi berean erakusteko. Hiri bakoitzeko emisioa pantaila banatik ikus zitekeen eta, aldi berean, hirurak batera. Pantailak bata bestearen aldamenean proiektatuta, Napoles, Niza eta Bartzelonako adituek eztabaidatzen zutena ikus zitekeen zuzenean. Bestalde, chat-ak bideratu zituzten adituekin komunikatzeko eta ekitaldiari jarraipena egiten ari zen publikoarekin komunikatzeko.

INTERNET BIDEZ

Global Arte oso-osorik Internet bidez antolatutako ekimena izan da. Hiru herrialdeetako kideak harremanetan jarri ziren eta horrek kulturen arteko ziber topaketa bat ahalbidetu zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo