GARA > Idatzia > > Kultura

Lurrikararen ostean, Kepa Junkerak «Etxe»aren oinarriak sendotu nahi ditu

Abenduaren 22an eta 23an Arriagan zuzenean joko du Junkerak. Atzo, ordea, azkenotan Lakuak eman dion dirulaguntza dela-eta sortu den kalapitaz bere iritzia eman eta kazetarion jakin-mina asetzen eman zuen kontzertuak aurkezteko zita.

p040_f01_97x132.jpg

Anartz BILBAO | BILBO

Euskal kultur munduan asteotan denon ahotan izan da Kepa Junkera, «Etxe» egitasmo potoloagatik jasotako dirulaguntza medio. Atzo, Arriaga antzokian ematekoak dituen kontzertuen aurkezpenean, eragindako kalapitak sortu dion harridura azaldu zuen errekaldearrak, eta egitasmoa bere osotasunean zertan den azaltzera behartua ikusi zuen bere burua, berak proiektua pausoz pauso agertzeko asmoa bazuen ere.

Errekaldeko trikitilariak Mikel Laboa izan zuen gogoan hitza hartu bezain pronto. Gero, «Etxea» egitasmoaren lau oinarriak azaldu zizkigun. Lehena, dagoeneko kalean dagoen lana da -ondo saldu omen da Durangon-, Iberiar Penintsulako berrogeita bi kantari eta hamabost musikari euskal kantu herrikoiak abesten biltzen dituen lan bikoitza. Bigarrena gauzatzeko, -dagoeneko abian omen du lana-, kantu ezberdinekin gauza bera egiteko asmoa du trikitilariak, oraingoan euskal diasporak presentzia nabarmena izan duen hamabi herrialdetan: Filipinak, Australia, Uruguay, Venezuela, Cuba, Mexiko, Argentina, AEB, Txile...

Egitasmoaren hirugarren atalak, Asia eta Afrikara hedatu badaiteke ere, Europa izango du ardatz, helburu berdinarekin. Bukatzeko, laugarren atal bat ere badarabil buruan errekaldearrak, Ameriketako Estatu Batuetako goi mailako musikariekin kantu herrikoien lan instrumental bat gauzatzeko. Lana borobiltzeko, parte hartuko duten herrietako idazle batzuk egitasmoak iradokitzen diena idatziko dute, lehen lanean Amurizak eta Saramagok egin duten legez. Gainera, guztira bospasei urteko iraupena izan dezakeen lana borobiltzeko, film dokumental bat egitea ere aurreikusi dute, egitasmoa bere osotasunean agertuko duena. Egitasmo potoloa, beraz, denon ahotan den dirulaguntzak biltzen duena.

Proiektu «berritzaile eta harrigarri» hauek guztiak burutzeko -egitasmoz eta ideiaz betetako musikaritzat du bere burua Kepak-, «dirulaguntza publikoa ezinbestekoa da» aldarrikatu zuen bilbotarrak, «bai musikan bai beste kultur jardueretan», eta normaltzat jo zuen proiektuak garatzeko ateak jo eta laguntzak eskatzea.

Minduta ez -hala ematen zuen- baina «harrituta» hartu omen zuen musikariak manifestuaren berri, «ni ez bainaiz probokatzailea eta ez bainuen beste inorekin alderatzerik nahi» esan zuen, baita kideak ulertu eta errespetatzen dituela ere. «Eskubidea osoa dute ondo ikusten ez dituzten jarduera eta politikak salatu eta aldatzen saiatzeko, eta izan daiteke, gainera, ni ere bateren batean beraiekin ados egotea». Hala ere, «oso animatuta nago, gertatuak gertatu» gaineratu zuen, «merezi du eta, horrelako ametsetan sinestea». Jaurlaritzaren jokamoldeaz eta azalpen faltaz galdetuta, hala ere, ez zuen ezer esan nahi izan.

Sierra Leonako umeak

Zuzenekoetara bueltatuz, eta artistarentzat nekagarri suertatu zen agerpenarekin bukatzeko, Emilio Sagi Arriagako zuzendariak kontzertu antzeztua izango zela azaldu zuen, Pablo Viarrek prestatu eszenografia minimalistarekin.

Ez zuten argitu nahi izan zenbat kantarik eta nortzuk agertuko diren kontzertuetan, ezustekoa ematearren, eta «ugariak izango dira eta doan parte hartuko dute» esatera mugatu ziren. Musikariei dagokionez, ez omen dira asko izango, diskoaren esentzia mantendu nahi dute-eta. «Berezia eta zirraragarria izango da, errepikaezina».

Bukatzeko, Diamond Child egitasmoa azaldu zuen Junkerak, Seydu lagunak Sierra Leonako haurrei laguntzeko sortutako proiektua, haiei eskainiko baitizkiete kontzertuen etekinak. Gobernuz kanpoko erakundeak arte eskola bat sortu du Freetownen, musika, dantza eta instrumentuak egiten dituena, umeak gerraren atzaparretatik babesteko eta birgizarteratzeko asmoz.

Arriagako kontzertuak abenduaren 22 eta 23an izango dira, 20.00etan, eta sarrerak agortu dira jada. Alta, Diamand Childi lagundu nahi dion ororentzat «zero ilada» bat sortuko dute. Proiektuko babesle Seydu ere bertan izango da.

ZUZENEAN

Bi egunez izango da Kepa Junkera Arriagan, lagunez inguratuta, eta dagoeneko ez da sarrerarik gelditzen Diamond Children elkarteari laguntzea xede duen kontzertuak ikusteko.

DIRULAGUNTZA

«Etxea» egitasmoa burutzeko jaso duen dirulaguntzak kalapita franko sortu ditu eta atzoko prentsaurrekoan horren gaineko azalpenek hartu zuten denbora tarterik handiena.

Hautsak harrotu dituen dirulaguntza mardula

Junkerak urri partean aurkeztu zuen «Etxe» egitasmoaren lehen atala, oraindik proiektua bere osotasunean zertan zen ez genekiela. Gerora ezagutu genuen Lakuako Gobernuak, Kultura eta Etxebizitza sailetatik 700.000 eurotik gorako dirulaguntza eman ziola egitasmoari, eta albisteak sua piztu zuen kultur ingurumarietan, Eusko Jaurlaritzak berak euskal musika atzerrian zabaltzeko Euskadiko Soinuak programaren dirulaguntza hirukoizten zuelako, besteak beste.

Erantzun gisa, komunikatu bat «agertu» (egile ezagunik gabe, antza) zen Interneten, berrehun eta berrogeita hamar musikari inguruk sinatu zutena. Jaurlaritzak dirulaguntzak banatzeko darabilen moduarekin ziren haserre artistak (baita diru kopuruagatik ere), Keparekin baino.

Dirulaguntzaren jatorriak ere, berrehun mila euro inguru Kultura Sailetik eta laurehun mila eurotik gorakoa Etxebizitza Sailetik, sortu du zeresana, batek baino gehiagok ez baitu ulertzen zer dela-eta azken honek agertu duen bat-bateko musika grina.

Kalean ere bolo-boloka dabilen afera telebistara heldu zen gero, eta orain gutxi euskal promotoreen Euprel elkarteak ere eman du bere iritzia. Gainera, Miren Azkarate Gobernuko bozeramaileak emandako azalpen urriek -erratu egin zen Benito Lertxundi eta Mikel Laboa adibide jarrita, eta esandakoa zuzendu behar izan zuen gero-, ez dute asko lagundu giroa baretzen. Guzti honengatik, dirulaguntzen aferak bete zuen atzoko prentsaurrekoko denborarik gehiena.

A. B.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo