Karmelo Landa Unibertsitateko irakaslea, preso politikoa
Zergatik nagoen kartzelan
Uste dut Nazio Batuen Erakundean ere konturatu direla Gobernu espainolaren jokabide maltzurraz. Kanpoko laguntza guztiak onak diren arren, etxe barruan dugu egiteko nagusia euskaldunok
Goiz batean, amets nahasi baten ondotik itzartzean, ohean etzanda, zeure burua kartzelan preso aurkitu duzu. Akordatu orduko, konturatzen zara lau horma estu hauen artean pasa duzula gaua, eta ez ametsak eskaintzen zizun era librean, hara eta hona zeure herriko kaleetan zehar. Eta orduan pentsatzen duzu Gregor Samsa haren esperientziaren beste aldea bizi duzula. Gregor Samsak itzartu eta intsektu izugarri bihurtuta ikusten baitzuen bere burua, eta zuk, aldiz, zeu izaten jarraitzen duzu, baina esparru itxi estua bihurtu dizuten inguruko mundu arrotzean. «Hara, giltzapean jarraitzen dut, beraz». Moduluko kideei galdetuko diezu eta baietz, beraiei ere horixe bera gertatu zaiela batzuetan. Lotan diharduzun bitartean zeurean bizi, baina goizez esnatzean, kartzela, muturren aurrean.
Zergatik nagoen kartzelan, baina. Erantzun beharra daukat, plazaratu egin baitute galdera zehatz hau. Genevan gertatu dela jakin dut, Nazio Batuen Erakundeak han duen egoitzan. Erakunde horretako aditu batek egin zion galdera Espainiako Gobernuaren ordezkariari, Giza Eskubideen Batzordean: «Zergatik dago kartzelan Karmelo Landa, ideiengatik ala ekintza terrorista zehatz batzuengatik? Zein ekintza terrorista egin ditu zehazki?». Ordezkari espainiarrak ez omen zion jarraian erantzun, baina hurrengo egunean, Batzordea hasi orduko irakurri zion prestatuta zeramana: «Espainiak ez du ezagutzen adierazpen askatasuna urratzen duen kasurik, eta Landa epaile batek espetxeratu du, eta akusazioa ETAri laguntza ematea da».
Horixe erantzun zuen Gobernu espainolaren ordezkariak Genevan. Baina ez da egia. Ez naute kartzelara ekarri «laguntza emateagatik». Ez. Hori baino akusazio larriagoa leporatu didate: ETAko partaide izatea.
Zergatik ez dute, orduan, kargu larri hori agertu Genevan, Giza Eskubideen Batzordearen aurrean? Beraiek ere sinesten ez dutelako, hara.
Baina neuk kontatuko dizuet, argi eta garbi, zergatik sartu nauten kartzelara, neure kasuaz hitz egiteko, behintzat, ezagutza osoa badudalako, eta, gainera, kasu honek gainontzekoekin daramaten jokabidea ere argi ilustratzen duelako, nire ustez.
Ni espetxera sartzeko, Madrileko epaileak idatzi zuen autoan kargu larria jarri zuen: «Talde armatuko partaide izatea, Espainiako Zigor Kodearen 515.2 artikuluaren arabera». Baina hain larria den kargua oinarritzeko eskaintzen zituen zenbait froga, honako hauek, zehatz-mehatz: bi prentsaurreko eskaini izana Bilbon eta Donostian; hiru bilera politikotan parte hartu izana, Iruñean, Agurainen eta Donostian, ustez Batasunekoak zirenak, elkarrizketa eta negoziazio prozesuari ekiteko asmoz. Baita beste hau ere, hitzez hitz autoan idatzitako akusazioa: «Eurodiputatua izan zen garaietako jende ugariren ezagutzaz baliatuz, harreman ugari burutu ditu nazioartean».
Horixe da, beraz, egiaren izenean, Gobernu espainolaren ordezkariak Genevako bileran kontatu behar zuena. Baina ez zuen egia kontatzeko asmorik. Ez zuen esan beraiek ondo dakitela ni ez naizela inongo talde armatuko partaide, baina aitzakia hori behar dutela gu kartzelan luzaroan lotzen saiatzeko. Ez zuen aitortu, halaber, beraiek ez dutela ezer zehatzik Karmelo Landaren aurka, ez dela hau «kontu pertsonala», eta benetan bilatzen dutena zera dela: aukera politiko oso bat kartzelatu, ukatu, debekatu eta ezinezko bihurtu.
Uste dut Nazio Batuen Erakundean ere konturatu direla Gobernu espainolaren jokabide maltzurraz. Kanpoko laguntza guztiak onak diren arren, etxe barruan dugu egiteko nagusia euskaldunok. Ekimen zabal anitzak behar ditugu, ukatzen dizkiguten erabakitze ahalmena eta oinarrizko eskubideak geureganatu ahal izateko. Euskal Herriari nazio-antolaketa demokratikoa eskaintzeko lana dugu geure aurrean. Oraingo marko honetan ez baitago euskaldunontzat demokraziarik, ez eskubiderik. Euskal Herriari ateak zabalduko dizkion indarren metaketa lortu behar dugu, horixe izango baita ahaleginik emankorrena. Bide horretan ez dago ezinik.