GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Ander Iturriotz Laukiriz 2008/12/9

Postnazionalismoa Sabin Etxean

Aspaldian aldarrikatu zuen PSE-EEk, 1994an, (...) garai postnazionalista baten etorrera. Nazionalismoa -euskal nazionalismoa, jakina, eta, abstrakzioz, estaturik gabeko edozein nazionalismo etnizista eta maltzur- iraganeko moda gainbeheratu bat zen sozialisten ustez, anakronismo bat, gauza zaharkitu bat demokraziaren diskurtso politikoan. (...)

Baina batek ez zuen pentsatuko, orduan, jeltzaleen munduan ere indartuko zenik moda postnazionalista. Josu Jon Imaz etorri zen arte. Espainia liluratzen hasi zen, burujabetasunari muzin eginez (...).

AEBetara joan zen gero Imaz eta, besteak beste, ETAren aurka, mafiaren aurka erabili ziren metodo berberak -Estatu poliziala- eskatu zituen. AEBetatik itzulita, berriz, Euskal Herria eraikitzen hasi zen, alegia, Petronorren zuzendaritza hartu zuen (...) Athletic fitxatu eta, ziraun-ziraun, coke-planta onarrarazi zuen, oraingo honetan, noski, Muskizko herriaren alde.

Duela egun batzuk, berriz, Fernando Buesa Fundaziora sartu da, Euskal Herria beste ikuspegi batetik eraikitzeko, sartu ere, konpromiso zibikoagatik, desberdinen arteko gizartea eraikitzen lagundu nahi duelako. Arrazionalismo progreak darabiltzan argudio horiek oso baliagarriak dira, noski, edozein gauza zuritzeko. Baina, zehazki, Imazek jakin badaki, euskal gizartearen pluraltasuna defendatzea, ustez, pluraltasuna zapuzten duen nazionalismoaren aurka jartzea dela; askatasunaren eta elkarrizketaren balioen alde egitea -gabezia demokratikoez ere hitz egiten da, Fundazio horretan-, askatasuna eta elkarrizketa eragozten dituen nazionalismo antidemokratikoaren aurka jartzea dela; Zuzenbide Estatuaren defentsa egitea, Espainiako Zuzenbide Estatuaren muga inperial zorrotzak defendatzea dela; eta, indarkeriaren auzia halabeharrez laburbiltzen dela ETAren terrorismoaren itzalarekin. Jakin badaki, Imazek, bestalde, Fernando Buesa Fundazioa PSE-EEren plataforma ideologiko eta elektorala dela eta, beraz, EAJri legitimitatea eta botoak kenduko dizkion urratsa egin duela, garbi-garbi.

Kontua da, ordea, ez dela bera bakarrik EAJren barrura de facto postnazionalismoa eraman duena: Arzalluz, Bergara eta guardia zaharraren gainetik, BBBra iritsi zen talde osoa dauka ondoan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo