Santa Lutzi azoka
Mokadutxoak urdailean eta krisiaren eragina ahotan
Abenduak 13 eta larunbata. Primerako konbinazioa Zumarraga eta Urretxuko kaleak lepo betetzeko. Krisi usaina nabaria da eta saltzaileak eurak ari dira jada ondorioak sumatzen. Poltsikoari astindua emateko tentaziorik ez zen falta atzokoan, Santa Lutzi ferian. bakoitzak pixka bat utzita ere, nahikoa saltzaileak kontentatzeko.
Maider EIZMENDI
Santa Lutzi azokara goiz joan behar omen da, orduan lotzen baitira traturik mamitsuenak. Horrelaxe diote tratu kontuetan aritutakoek, beraz, gomendioari segika, eguzkiaren lehen printzak agertzerako, Zumarraga eta Urretxun planto. Ezin tratu handirik egin, ordea, artean ere abere asko iristeko eta beren lekuan jartzeko baitzeuden.
Goizeko sei eta erdietan iritsia eta pronto jarria zen Andoni Mugerza mutrikuarra, handik edo hemendik eskaintzaren bat iritsiko ote zitzaion zain, baina kontuak «nahiko triste» zebiltzala zioen: «Ez dago dirurik». Hala ere, itxaropenik ez dela-eta galdu behar, bururen bat edo beste saltzea espero zuen. Zaldi, asto, pottoka, moxalak...
Gorka Lete aretxabaletarra atzo bertaratu zen lehenengoz azoka honetara, eta goizeko zazpietarako zen bertan. Atzokoa ez ezik, herenegungoa ere egun lanpetua izan zuen, behorrak menditik jaitsi, garbitu eta orraztu behar izan zituen, «ile-apaindegi sesioa, beraz»; hortik bere abereek erakusten zuten itxura. Traturik ez zuen lotu artean, baina ekarritako bi buruetatik bat behintzat saltzeko itxaropena bazuen.
Ikusmiran, ganadua aztertzen zebilen berriz Manuel Iturrioz lasartearra. Ondo ezagutzen du Zumarraga-Urretxuko Santa Lutzi feria, 40 urte baitaramatza hutsik egin gabe. Atzo ere astoren bat etxeratzeko asmoarekin bertaratu zen eta bati eta besteri begirik kendu gabe zebilen. Bai, goizean goiz joan behar omen da azokara, orduan baitaude abererik ederrenak artean saldu gabe. Baina, tratuan patxadarekin aritzea ere oinarrizkoa da, bai behintzat, krisi garai hauetan, sosen batzuk aurreztu nahi izanez gero. «Jendeak ez du abereekin etxera bueltatu nahi eta goizak aurrera egin ahala, merkeago ere eros daitezke; aberea begiz jo, goizetik egin behar da, ordea». Krisia nabaritu omen da azokan, eta orain dela bi urte baino merkexeago saltzen dira orain abereak.
Astoa etxeratu edo ez, egun pasa ederra egiteko aukera behintzat bazegoen, larunbata izaki, hain jendetsua izan ohi den Santa Lutzi azokan, eta markak hausteko itxura ere bazuen, nahiz eta eguraldia trakets azaldu. Goizeko hotzak arintzeko, lehen orduetan gosari ederrak egin zituzten, baita hamaiketako oparoak ere. Ikusmiran baino, urdailari gozalditxoa ematen denbora gehiago hartu zuten batzuen batzuk.
«Ea horren azoka ona den?»
Goiza trakets hasi zuen Maider Uriarte mallabitarrak. Azoka ederra dela, asko saltzen dela... Zumarragara saltzera joan beharraz tematu zitzaion ama, eta, produktuak hartuta bertaratu ziren atzo lehenengoz. Bada, salmahai osoa atonduta zutela, hara non esan zieten beste toki bat zegokiela, eta bertara bi autotan eramandako genero guztiak berriz lekuz aldatu, eta txukundu behar izan zituzten. Hala ere, irribarrerik ez zuen galdu eta umoretsu zioen: «Amari esan diot: `Ezer saltzen ez badugu, bidean jan beharko dituzu guztiak, ez naiz-eta etxera guzti honekin itzuliko'».
Uriartek badu eskarmentua azokan saltzen, zita ugari ditu. Azken boladan hainbeste eta hainbeste aipatu den krisiaren eragina nabaritu du, ordea. «Jendeak ez du hain erraz erosten, lehen akaso asko pentsatu gabe kiloa eskatzen zuenak, orain, kilo erdia». Diru-zorroa zabaldutakoan ere nabaritzen omen da: «Lehen billete handiagoak erakusten zituen jendeak eta erraz atera; orain, gehiago haztatzen dugu zorroa», azaldu zuen barrezka.
Sagarretan eskaintza bikaina zuen Maria Etxezarreta gabiriarrak. Zita handia da Zumarraga-Urretxuko azoka inguruko baserritarrentzat eta horregatik, ezin zehaztu, salmahaian jarrita zituen barazki eta frutak prestatzen zenbat denbora eman zuen: «Ez dago kontatzerik». Begirik kendu gabe zaintzen ditu urriaren hasieran bildutako sagarrak, ganbaran onik iraun dezaten. «Ezin da ezer berezirik egin, txartzen direnak kendu gainerakoak izorra ez ditzaten eta kito; batzuetan pena ederra ematen du itxura on-ona duten sagarrak ere galtzen direlako, baina beste erremediorik ez dago». Jasotakoak baino gutxiago ekarri zituen, baina seguru horiek salduta konformatuko litzatekeela, «bai horixe».