ACB Liga
Menorcaren aurkako hanka-sartzeak ez daitezela errepikatu
Pablo Lasoren ustez, «joko erasokorragoa» izan behar dute donostiarrek. Valentziarrek Kopan sartzeko borrokan dihardute eta zazpigarren dira uneotan.
bruesa gbc-pamesa
Arnaitz GORRITI | DONOSTIA
Esatea da errazena, baina Bruesa Gipuzkoa Basketen etorkizunerako ezinbestekoa da Valentziako Pamesaren aurrean donostiarrek ez ditzatela egin gaur zortzi ViveMenorcaren kontra egindako hanka-sartzeak.
Orduko hartan tentsiorik gabe kantxaratu ziren Lasorenak, eta 16 puntuko aldeari buelta eman bazioten ere, azken txanpako ideia faltak 73-74 emaitza ekarri, eta burumakur atera ziren.
Teknikari gasteiztarrak errezetarik onena joko «erasokorragoa» egitea dela iritzi dio. «Erasokoan aurrerapauso bat eman behar dugu, erasokor jokatu. Horrez gain, Williams, Pamesaren antolatzaile titularra kontrolatu beharko dugu».
Neven Spahijaren Pamesa talde sendoa da. Claverren lesioaz geroztik hegaleko postuan gabezia handia badute ere, Kopa jokatzeko borrokan dihardute. Zazpigarren postuan daude oraingoz, zazpi garaipenekin.
Bernard Hopkins gabe, donostiarren barruko jokoak asko sufrituko du Pamesaren aurka. Perovic, Kuqo, Nielsen, Miralles eta Pietrusek indarra eta balio-aniztasuna ematen diote Neven Spahijaren taldeari.
Donostiarrentzat oso asteburu garrantzitsua izango da, beren aurkari zuzenek partidu zailak baitituzte. Bartzelona, Joventut, Real Madril eta Unicaja izango dituzte aurrez aurre Menorcak, Cajasolek, Murtziak eta CAI Zaragozak.