Emakumeen liga Hondarribia-Irun
Ros Casaresen aurka itxura ona ematea bada nahikoa
A. G. | HONDARRIBIA
Duela bizpahiru urte Hondarribia-Irun bazen Ros Casares ahalguztidunarekin nor baino nor lehiatzeko gai. Gaur egun, berriz, ez. Hala, La Fonteta pabiloian arratsaldeko 18.00etatik aurrera nahikoa lan izango du Hondarribiko taldeak etxekoen aurrean itxura ona ematen.
Madrilgo Rivas Futura taldearen ekinak Emakumeen Ligako buruan jartzeko bidea asko zaildu badio ere, aurten ere Liga irabazteko faborito nagusia da Valentziako taldea. Zer-nolako izenak dituen ikusteak beldurra eragiten du: besteak beste, Amaya Valdemoro, Elena Tornikidou amona, Delisha Milton-Jones, Anna Montañana edo Erika De Souza. Gauzak honela, Hondarribia-Irunek irabazteko aukerarik baduela pentsatzeak, ilusiotik gehiago du logikatik baino.
Dena den, partida jokatu arte ezin da ezer galdutzat eman. Izan ere, talde gipuzkoarra hasieran uste baino lan hobea ari da egiten. Sailkapeneko seigarren postuan dira Cuadraten neskak, eta Kopa jokatu ahal izateko garaipen bakarra falta zaie.