Handik moztu eta hemendik jarri, orratzez eta hariz egiten den artea
Azkenaldian horrenbestetan aipatzen ari garen krisiak lanpostu bat baino gehiago kolokan jarri badu ere, badirudi jostunei lana ekarri diela. Urteetan beherakada handia izan dute, baina, orain, arropa berria erosi beharrean, armairuaren atzealdean utzitakoak atera eta jostunen batek konpontzea da askok egiten duten hautua.
Janire ARRONDO
Santa Luzia eguna ezaguna da Urretxu-Zumarragan egiten den azoka dela-eta. Santa Luzia eguna Jostunen Eguna ere bada, ordea. Hori dela-eta, asko dira Euskal Herriko edozein txokotan atzokoa beren egun gisa ospatu zuten jostunak.
Lehen, erosten zen arropa bakoitza luzerako izaten zen, eta behin eta berriz konpontzen ziren onik iraun zezaten. Asko ziren, batez ere, emakumeak lan horretan orduak eta orduak ematen zituztenak. Praka, jertse edo galtzerdiak konpontzeko edota trajeak edo jakak norberaren neurrira egiteko, jostunak ugari ziren.
Gaur egun, erraztasun handiagoarekin berritzen dugu gure armairuko arropa bilduma. Puskatu ahala, berriak erosten ditugu eta gainera, konturatu orduko, ez daude modan.
Zaharrak berritzen
«La Retoucherie de Manuela» jantzien konponketa lanak egiten dituen enpresa handi bat da. Hamahiru herrialdetan ditu dendak eta duela gutxitik tindategiko zerbitzua ere eskaintzen dute.
Enpresaren sortzaile Manuela Rodriguez Parisen jaio zen, eta bertan hasi zen marka batentzat eta bestearentzat jostun lanak egiten. Duela 30 urte baino gehiago, berriz, bere denda propioa irekitzea erabaki zuen. Jendeak jantziak neurrira egitea baino, konponketa lanak egiteko zerbitzua eskatzen zuela ohartuta, arlo horretan hasi zen lanean, mundu osora zabaltzera iritsi arte.
Horrela, hainbat «La Retoucherie de Manuela» denda ditugu Euskal Herrian ere, tartean Eibarrekoa. Beraien eskaintza nagusia praka barrenak ordu erdi batean hartzea da, eta lortu nahi duten erronka, berriz, denbora hori ordu laurden batera jaistea.
Krisi garaia iritsi denean, Eibarko «La Retoucherie» dendan jendea aurreko urteetako arropak berrerabiltzen ari dela ohartu dira. Batez ere, jaka eta arropa onak eramaten ditu jendeak, josturak konpontzeko edota bolatxoak kentzeko. «Aurreko urteetatik handitxo edo txikitxo geratu zaizkien arropak egokitzen ari dira bezeroak», adierazi zuen Eibarko dendako arduradunak.
Era berean, oraindik urte osoko balantzerik egin ez badute ere, Eibarko dendan bezero beherakada izan dute, batez ere urritik aurrera.
Izan ere, «La Retoucherie de Manuelan» batez ere, arropa berrien konponketak egiten dituzte eta arduradunaren ustez, «jendea Eguberrien ondorengo merkealdien zain dago erosketak egiteko». Arropa dendak, normalean baino gutxiago saltzen ari diren ustea zabaldua omen dago, arduradunak azaldu zuenez, eta, horregatik, «merkealdietan pagotxak aurkitzeko aukera ona izango da».
Tradizioa moderno
Leire Santillan urretxuarrak etxean txikitandik ikusi du ama jostun lanetan. Berak, «bi aldiz pentsatu gabe», diseinua ikasi zuen Bartzelonan eta Londresen, eta amaitutakoan Amaia Arzuaga diseinatzailearekin lanean aritu zen. Hala ere, «diseinu propioak egiteko nahia» zuela-eta, duela hamar urte, bere denda propioa ireki zuen Urretxun, «Ur». Ezkontza soinekoak egiten ditu eta joskintza moderno egitea da bere asmoetako bat. Bere dendan, oraingoz krisirik ez duela nabaritu dio Santillanek, lanez orain arte bezala dabilela. Denetarik egin behar izaten du tailerrean, bezero batek ideia bat eramaten dionetik jantzia osatu arte. Diseinua pentsatu, marrazkiak egin, oihalak aukeratu... «Lehenbizi oihal batean proba egiten da, patroia egin eta balekoa bada, jantzia egiten da», azaldu zuen Santillanek. Bestetik, tailerretik kanpo ere izaten du zeregina, esaterako, aste honetan bertan Donostiako Miramarren «Cook & Fashion» ekitaldian bere lanak erakutsi ditu.
Batera edo bestera, puntadak emanez edota gabe, Euskal Herriko hainbat bazterretan jostorratzarekin lanean dihardutenek egun handia zuten atzokoa, egunero ez baitzaio norberari bere lana eta esfortzua aitortzen.