GARA > Idatzia > > Ekonomia

Berhokoirigoin: «Ustekabeko erantzuna jasoko duzue»

Berrehundik gora lagun elkartu zen atzo Euskal Herriko Laborantza Ganberaren egoitzan urtarrilaren 29an izango den auziari begira informazio zabaltzeko eta elkartasun biltzeko lanari bultzada emateko. Mixel Berhokoirigoinek adierazi zuen Estatuak «sekula pentsatu ere egin ez duen erantzuna» jasoko duela, eta «behingoz serioski hartu beharko» dituztela.
p023_f02_194x120.jpg

A. MANTEROLA |

Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) eta bere presidentearen aurkako epaiketa hurbiltzen ari den heinean, elkartasun adierazpenak eta mobilizazioa areagotuz doazela begi bistakoa da. Horren lekuko, atzo, Ainhize-Monjoloseko egoitzan egindako aparteko batzarrean berrehundik gora lagunek parte hartu izana.

Gizartearen esparru guztietako eta Euskal Herritik harago Estatu frantsesean ere EHLGren aurkako erasoaren berri emateko eta, bide batez, elkartearen helburuekin atxikimenduak lortzeko lantaldeak eratzea eta zereginak koordinatzea zuen xede aipatu bilkurak.

Hori baino lehen, EHLGko Lagunak elkartearen izenean, Patxi Nobliak eta Andde Darraidou Hautetsien Kontseiluko buru izandakoak hartu zuten hitza mobilizazioak hedatzeak duen garrantzia nabarmentzeko.

Berhokoirigoinek izan zituen, halere, hitz irmoenak. Estatuari eta Paueko Ganberari argi eta garbi zuzenduz, inoiz ez dituztela serioski hartu esan zuen: «Ez hogei urteotan, ez Ganbera sortuko genuela erraten genuenean, ezta orain ere, ez gaituzte serio hartzen. Hala izan balitz, gauzak ez ziren horrela gertatuko, baina beti mespretxuarekin eta bazterketarekin erantzun izan digute».

«Ez dute ulertzen»

Haren esanetan, oraindik ere ez dute sinesten «benetan ari garela». «Prefetak uste du ezarri dituzten trabak aski direla gu gelditzeko, baina hor ere ez gaituzte serio hartzen ez baitakite zertan jartzen duten zangoa. Sekula pentsatuko ez zenuketen erantzuna izango duzue» adierazi zuen tinkotasunez, bi urtero aldatzen dituzten prefetek ez dutela ulertzen, edo ez dutela ulertu nahi gaineratuta.

«Galdu dutela edo galduak direla» uste du EHLGko presidenteak. Hori litzateke, bere aburuz, duela egun batzuk hautetsi guztiei Philippe Rey prefetak igorri zien gutunaren arrazoia. Bertan, EHLGren jarduera eta lanaren aldeko atxikimendua sinatu ez dezaten, «beren betebeharra gogorarazten» zien hautetsiei.

Gutun horri erantzunez, beste bat bidali die EHLGk hautetsiei, prefetaren esanei hainbat zehaztapen eginez, besteak beste, arazo bakarra deiturarena denik «ez dela egia» argituz. «Ofizialki leporatutako karguak elkartearen helburuak, jarduerak, antolakuntza eta deitura dira», nabarmendu zuen.

Aste honetan Jean-Mixel Anxolabehere, Paueko Laborantza Ganberako presidenteak Kazeta.infon egindako adierazpenak ere aipagai izan zituen Berhokoirigoinek. Laborantza Ganberako gatazka honen erruz «indar asko barreiatzen dela, batez ere, bete-betean krisi garaian gaudelarik» Anxolabeherek esandakoari, EHLGko buruzagiak ihardetsi zion «indar guztiak onak direla, betiere, onartzen badira», urteetan Pauek ezarritako oztopoak gogora ekarriz: «Azkena, auzian akusazio zibila aurkeztearena izan da»

Aldiz, Jean-Jacques Lasserreren jarrera goraipatu zuen Berhokoirigoinek. Hautetsien Kontseiluko presidenteak Paueko Laborantza Ganbera akusazio gisa aurkeztu izana kritikatu, eta lasaitasunera eta elkarrizketara dei egin du berrikitan.

Atxikimenduak ugarituz

Kantonamendu bakoitzean egingo duten lana atzo abiatu bazen ere, badira aste batzuk informazioa zabaltzen eta elkartasuna eskatzen hasi zirela. Gizabanakoei ez ezik, elkarte, alderdi edota ordezkari publiko, politiko eta sozialei ere helaraziko diete eskaera.

Oraingoz, atxikimendu ugari jaso dute, besteren artean, ABrena eta Batasunarena. Corinne Lepage MoDem alderdiko lehendakariorde eta Ingurumeneko ministro ohiak ere elkartasuna helarazi die, «zentralismo jakobinoaren aitzinean, lurraldearen antolaketa birpentsatzeko dagoen premia» dagoela nabarmenduz, eta horren barruan kokatuz «laborantza jardueren dibertsifikazioa».

255 hautetsi

Orain arte Akitaniako bi kontseilarik, sei kontseilari nagusik, 54 auzapezek, 58 auzapez-ordek eta 135 zinegotzik sinatu dute EHLGrentzat «elkarte eskubidearen errespetua» eskatzen duen agiria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo