GARA > Idatzia > > Kultura

Euskal Herriko historia jendarteratzeko liburua kaleratu du Elkarrek

p051_f02_88x88.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Euskal Herriko historia, bere aniztasun eta berezitasunekin bildu dute Peio Etxeberri-Aintxart eta Peio Etxeberri historialariek kaleratu berri duten «Euskal Herria: historia kondatzen duten 40 tokiak» liburuan.

Cro-Magnongo gizakiaren garaitik gaur egunera arteko historiaren atal ugari biltzen dira argazki eder eta mapaz horniturik dagoen liburu horretan. Frantsesez eta euskaraz idatzia, lana kaleratzeko orduan helburu nagusia izan dute: adituen liburuetatik at irakurle orori historia ezagutzeko tresna bat eskaintzea. «Historialari gisa Euskal Herriko historiari buruzko liburuak irakurtzeko usaia badugu, baina, gai horri buruz diren liburuak irakurtzeko pasioa ere ukan behar duzu», azpimarratu zuen Etxeberri-Aintxartek Manex Goienetxen lanak goraipatuz.

«Historia horren ikuspegi anitz bat eman nahi izan dugu, kantuak, gizartea eta mentalitatea, eta halako gaiak aipatuz», erran zuten. Bertrand Lapegue «Sud Ouest» egunkariko argazkilaria izan da argazkien egilea. «Testu nagusiaren eta argazkiaren ondotik, gai bakoitza sakontzen duten eranskinak gehitu ditugu», argitu zuten. Formatik at, bi historialariek liburua lantzeko orduan irizpide bati eman diote garrantzia: historia horren berezitasun eta aniztasunari.

«Gaur egunera arte kultur, hizkuntz eta erlijio anitzak izan dira. Euskal Herriko historiak lotura zuzena du Europako eta mundu zabaleko historiarekin. Liburuan historiaren ikuspegi ireki bat eman nahi izan dugu», azpimarratu zuen Etxeberrik.

Hamaika adibide

Euskal Herrian izandako etengabeko trukaketa horren adibide asko daudela goraipatu zuten, izan ere. «Uxueko zizelkariaren adibidea esanguratsua da, Arabiatik datorren tresna baita», erran zuten. Historiaren ikuspegi hori emanez, Euskal Herria trukaketa horren ondorioa zela ere azaldu zuten, eta gaur egun pairatzen duen gatazka ulertzeko bertako historia ezagutzea ezinbestekoa dela esan zuten.

Liburua Durangoko Azokan agertu ostean, bi historialariek Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan hainbat hitzaldi eginen dituzte. Hurrengoak Kanbo eta Donapaleun izango dira

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo