GARA > Idatzia > Kirolak > Real Sociedad

Champions Leaguepilota Bigarren mailako Lau eta Erdiko finala

Olaetxeak eta emozioak eragotzi dute pilota gaindosia

16-12 galtzen joan arren eta 21na berdindu ostean, Lizartzakoak lehen txapela jantzi du profesionaletan.

p046_f02_444x444.jpg

mendizabal 21

olaetxea 22

GARA | TOLOSA

Aurreko astean jokatutako Lau eta Erdiko lehen mailako final zoragarriaren ajea gainetik kendu orduko, atzokoan eskupilota profesionalak beste egun handi bat zeukan gordeta. Sei egunen barruan, bigarren finala. Lasai. Pilota kontsumoan gehiegizko dosiak ez dio inori gaitz egiten, eta are gutxiago pilotazaleei, atzokoa moduko partida zirraragarriak ikusteko aukera emanez gero. Izan ere, atzoko norgehiagoka gogoratzen den horietakoa izango da; bi pilotarientzako aukerak, kalitatea, emozioa, giro bikaina eta Mikel Olaetxea lizartzarra txapeldun, lehen aldiz profesionaletan.

Askotan esan ohi da finaletako maila ohikoa baino baxuagoa izaten dela; kirioak pilotarien gorputzez jabetzen direla, eta horrek ikuskizunaren kontrako eragina izaten duela. Baina atzo Mendizabalek eta Olaetxeak klixe horri ostiko ederra eman zioten, eta norgehiagoka borrokatu eta polita jokatu zuten. Tolosako Beotibar frontoira hurbildutako zaletuek -asko izan ziren, gainera- sekulako ikuskizunaz gozatzeko aukera izan zuten. Lehen mailako finalaren inbidia gutxi.

Hasiera bizia izan zuen neurketak. Abiadura handian jokatu zuten neurketaren hasierako zatia, baina abiadurak normalean, hutsen protagonismoa ere ekartzen du. Eta atzo ere horrela hasi zen. Gogo asko, baina hutsak gehiago. Batek gaizki eta besteak ondo jokatzen duenean, desoreka itsusia gertatzen da. Bi pilotariak gaizki dabiltzanean, ordea, desorekarik ez da gertatzen, eta kalitatearen lekua, behintzat, emozioak hartzen du.

Markagailuan gorabeherak

Lan-erdietarako, «hutsei» esker 7 aldiz berdindu zuten bi pilotariek -2-2, 3-3, 6-6, 9,9 10-10, 11-11 eta 12-12-. Baina une horretan txipa aldatu eta lehiaren dinamika osoa errotik aldatu zen. Aratz Mendizabalek Olaetxeari min egiteko modua aurkitu zuen, eta argi utzi nahi zuen zergatik izan zen bera 2006. urteko txapelduna.

Partidaren kontrola hartu zuen, eta nahi zuen erara maneiatu zuen aurkaria. Lau tanto segidan egin eta 16-12 jarri zen aurretik. Aratz sendo ari zen, pilota ongi mugitzen, eta konfiantzaz zebilela nabaritzen zitzaion. Aurrean Mikelek ahuldade handiak erakusten zituen hamar pilotakada baino gehiago jotzerako. Ordurako baten batek txapela Zaldibiarako bidean zela pentsatuko zuen seguru asko.

Baina ez. Pilotak hauxe dauka ederra, eta Lau eta Erdiko distantziari zer edo zer aitortu behar izatekotan, emozioari ematen dion aukera mordoa da. Olaetxeak barru-barruko indarrak atera zituen, ausartago aritu zen eta emaitzari buelta eman zion, 17-19 aurretik jartzeraino. Emozioa berriro heldu zen Beotibarrera; zaleak pozik, eta artekariak zer esanik ez. Baina ez zen hor bukatu. Mendizabal ez zen ezkutatu, eta azken tantoekin 21-21 berdindu zuen lehia. Horrelakorik! Azkena edozeinen alde eror zitekeen, baina Mikelek berdin jarraitu zuen eta bere ausardiak azken tantoa eman zion. Txapelduna zen. Baina ez hori bakarrik; datorren urtean lehen mailan aritzeko eskubidea ere irabazi du Olaetxeak.

Festa goiz hasi zen, baina berandu arte luzatzeko itxurarekin. Bi pilotarien koadrilak batera afaltzekotan ziren.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo