Berlioz-en lanetan oinarritutako ikuskizuna, Alzheimer gaitzaren alde egiteko
Ainize BUTRON | BAIONA
Arratseko zortzi eta erdietan izango da Biarrizko Gare du Midi aretoan, Hector Berlioz musikariaren inguruan sorturiko «Neguko bidaia» obraren emanaldia. François-Rene Duchable pianista eta Alain Carre antzerkilaria elkartuko ditu Alzheimer eritasunaren ikerketan laguntzea helburu duen kontzertuak.
Bi musikari horiek eginak dituzte Rimbaud, Musset, Chopin, Georges Sand, Prevert edota Daudet artisten obretan oinarritzen diren ikuskizunak, musikarekin uztartuz olerkiak, literatura edota dantza. Honakoan Hector Berliozen lana hartu dute ardatz.
Parisetik, San Petersburgora eta handik Moskurainoko bidaia itxuratuz, Berlioz konpositoreak sortutako piezak izango dira entzungai, pianoaren doinuak lagun. «Ohiz kanpoko» obra horretan, bi artistek «bidaiatzeko gonbita» egingo diete ikusleei.
«Musika notak ikerketa minutu batzuen alde» leloa aukeratu dute, izan ere, ekimenaren antolatzaile diren Ifrad fundazioak eta 3J Event's produkzio etxeak. «Alzheimer eritasunak oroimena desagerrarazten du. Gure memoria da eta mantendu beharra dugu. Musika klasikoa oroimen horri esker existitzen da. Beraz, naturaltasun osoz, musika klasikoak oroimen hori ohoratzen du. Guztiontzat da baliagarria, memoria zaintze aldera», nabarmendu zuten antolatzaileek.
Txartelak salgai dira, 20 eta 38 euro artean, eta txartel bakoitzeko bost euro bideratuko dituzte Alzheimer eritasunaren ikerketaren alde diharduen Ifrad fundazioarentzat.