GARA > Idatzia > > Kultura

Ordiziako artisau jardunaldietan, musika eta ilusioa protagonista

Gabiltza Gipuzkoako Artisauen Elkarteak urtero antolatzen duen Artisaualdiak hamaikagarren edizioa du aurtengoa. Ostiralaz geroztik, Ordiziako Beti Alai frontoian tailerrak, erakusketak, produktuen salmenta eta abilezia erakustaldiak aurki ditzakegu. «Artisautzaren soinua» izan da aurtengo jardunaldietarako aukeratutako leloa. Horrexegatik, azokaz gain, musika eskaintza zabala prestatu dute. Oraindik gerturatu ez denik baldin bada, gaur du azken aukera.

p050_f01_148x188.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

Musikak artisautzari dagokionez dituen aukera eta behar guztiak zabaltzea da aurtengo Artisaualdiaren helburu nagusia. Ostiraletik gaur iluntzera arte Gipuzkoako 36 artisauk parte hartuko dute Ordiziako Beti Alai frontoian ospatzen ari den azokan. Bertan ikus daiteke nola egiten dituzten, esaterako, bitxiak, egur tailak, beirak, oihalen margotzeak, jostailuak edo Euskal Herriko jantzi tradizionalak. Baina artisau jardunaldiak ez dira azoka hutsean gelditzen. Gabiltza elkarteak harago joan nahi izan du eta «Artisautzaren soinua» lelopean, ekintza mordoa antolatu du egun hauetarako. Salmenta eta erakusketez gain, tailerrak eta kontzertuak prestatu dituzte eta trikiti taldeak edota Segurako talogileak ere bertan izan dira giroa berotzen.

Hiru eguneko jaia

Ostiral arratsaldean zabaldu zituen ateak Artisaualdiak eta hasteko, Ordiziako Musika Eskolako ikasleek eskaini zuten emanaldia, musika tresnen errepertorio zabala erabiliz. Atzo goizean, tailer berezi bat antolatu zuen Mux taldeak: «Tailer didaktiko musikala». Bertan, gerturatutako haurrek -eta ez hain haurrek- instrumentu ezberdinak sortzeko aukera izan zuten Donostiako Xabier Urruzolok gidatuta. «Oso gauza gutxi behar da instrumentu bat sortzeko. Zakarretara botatzen ditugun hainbat material birziklatuz, mila gauza egin daitezke. Buruari pixka bat eragitean dago gakoa». Urruzolok bere zenbait sorkuntza eraman zituen Ordiziara: txapa-kumearekin egindako biolinak, sukaldeko zartagin zahar bat oinarritzat zuen mandolina, ur bidoi huts bat eta soka bat erabiliz sortutako kontrabaxua, garbigailuko xaboiaren poteekin egindako marakak, kableak inguratzeko erabiltzen diren hodiekin sortutako turutak... Umeek ere izan zuten euren instrumentua sortzeko aukera, plastikozko edalontzi bat eta lokarri bat erabiliz. «Zer da musika? Azkenean bibrazio bat, kolpe edo talka bat da. Eta hori edozein materialekin sor dezakegu» azaldu zien Urruzolok. Bestalde, instrumentuen sorkuntza horrek dituen onurak ere azpimarratu zituen, «orain dena da elektronikoa, dena da dendan erositakoa. Hori hausten denean, bota eta beste bat erosten dugu, tresnari duen garrantzia kenduz. Baina haurrek sorkuntzan parte hartzen badute, buruari eragiteaz gain, horretarako gai direla ikusten dute. Jotzen ikasterako orduan ere, motibazio handiagoa izango dute. Eta zer gauza hoberik, birziklatu eta erosi beharrik ez izatea bizi ditugun garai hauetan». Ildo beretik, ikastetxe eta administrazioen «utzikeriaz» ere mintzatu zen. «Helduenek Plastika eta Teknologia bezalako alorretan honelako tresnak landuz gero, eskolek ez lukete gastu hori egin beharko txikienentzat instrumentuak lortzeko».

Arratsaldean ere ekitaldi berezi bat eskaini zuten Aitor Ucar eta Ivan Morenok, teoria eta praktika uztartzen zituena. XV. mendetik gaur egunera arte gitarrak izan duen eboluzioa azaldu zuten: zein tinbre zuten, nolako artisautza prozesua izaten zuten, zein material erabiltzen zituzten... Aldi berean, gainera, kontzertu txiki bat entzuteko aukera ere izan zen, hasi bihuelatik eta gitarra garaikidera arte.

Erakustaldia eta kontzertua

Hiru egunetako artisau jardunaldiei amaiera emateko, egitarau zabala prestatu dute gaurko ere. Goizean, hamaiketatik ordu bietara, Antoni Andrade artisauak bere abilezien erakustaldia egingo du. Horretarako, biolin bat sortuko du eskuz, azokara gerturatzen direnen aurrean. Bestalde, arratsaldeko seietatik aurrera, Hariots talde zeltak emanaldia eskainiko du. Maite Elizondo, Iñigo Salaberria, Migel Anjel Garcia eta Julio Bravok osatutako Irungo talde honek, jatorri ezberdinetako folk musika instrumentalak jorratzen ditu. Besteak beste, Euskal Herriko arin-arinak, Irlanda edo Ipar Amerikako doinuak, Argentinako tangoak edota Europa erdialdeko juduen doinu zaharrak izango dira entzungai. Aurtengo Artisaualdia bukatzeko, «Pieza Bakarra Saria» banatuko da. Artisauek edizio honetako leloarekin zerikusia duen pieza bana osatu zuten eta bertaratutako guztiek izan dute euren gustukoenaren aldeko boza emateko aukera. Arratsaldeko zortzietan jakingo da zein izan den pieza guztien artean, bisitariei gehien gustatu zaiena.

Gipuzkoako artisautza suspertu eta hedatu

1996. urtean sortu zen Gabiltza elkartea. Geroztik Gipuzkoako artisautza sendotu eta ezagutzera ematea izan da bere helburua. Horretarako, artisau sektorearen lan-arauketan dihardute azken urteetan. Gainera, produktuen kalitatea areagotzea, kideen arteko lankidetza eta elkarrizketa bultzatzea eta merkaturatzeko bideak sortzea ere bultzatzen du elkarteak.

Izan ere, artisautzaz bizi ahal izatea ez da inoiz lan erraza izan eta gutxiago gaur egun. Halaxe adierazi zuen Hector Martinez, elkarteko kide eta Las niñas pintan markaren sortzaileak. «Nik orain dela gutxi ezagutu dut mundu hau eta izugarria iruditzen zait. Baina honek ez digu jaten ematen. Nire bikote lagunak eta biok bestelako lanbide bat dugu astean zehar. Serigrafia hobby bat da guretzat». Martinezek esan zuen ilusioa dela artisautza bizirik mantentzen duena, eta hori baduela elkarte honek. Azken urteotan jardunaldietan aukera berriak jorratzeko hartu duten bide honekin, gainera, jarraipena ziurtatuta dutela uste dute. «Ekintza berriak gehitu nahi ditugu aurretik egindakoak hobetzekotan».

A.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo