Kopa
Hecklyk lortutako golarekin aurrera egin du Avironek
Baionarrek bederatzigarren kanporaketa jokatzeko txartela eskuratu dute.
Jon LEUNDA | BAIONA
Avironek helburua bete zuen, eta Kopako hurrengo kanporaketan izango da. Lehen Mailako talde baten aurka jokatzeko aukera handia da orain, hurrengoan hasiko baitira lehiaketan jokatzen maila nagusikoak.
Partida ez zen erraza, aurkaria Bigarren Mailakoa baitzen. Kanpoan jokatu behar, gainera, eta partida batera. Euskaldunek partida ederra egin zuten, ordea, eta garaipena Euskal Herrira ekarri, zuri-urdinen zorionerako.
Ezustea, ordea ez da handia. Estatu frantsesean mailen arteko aldeak oso txikiak dira, eta Nimesen eta Avironen artean maila baten aldea baino ez dago, beraz bi taldeen arteko tartea oso txikia da, eta hori atzo argi eta garbi geratu zen.
Avironek lehen zati ezin hobea egin zuen. Berdegunean nagusi izan ziren, eta bigarren minuturako aitzineratu ziren. Seidou area barruan lurrera bota zuten, eta epaileak penalti adierazi zuen. Hecklyk ez zuen hutsik egin, eta partidako gol bakarra egin zuen.
Zuri-urdinak aurretik jartzeak ez zuen ezer aldatu, Alain Pochatek zuzentzen dituen jokalariak agintzen jarraitu zuten, eta Peralik izan zuen bigarren gola egiteko aukera paregabea, baina bere jaurtiketa langak geratu zuen, eta markagailuak bere horretan jarraitu zuen.
Estualdirik gabe
Etxekoek ezin zuten euskaldunen zelai erdia gainditu, nahiz eta atzetik joan. Aviron eroso ari zen, ongi heltzen zen kanpotarren ate ingurura, baina bigarren gol hori ez zen heldu eta 0 eta 1ekoarekin joan ziren atseden hartzera.
Bigarren zatian gauzak apur bat aldatu ziren. Normala zen, Nimes zen etxean ari zena, eta kanporaketa galtzen ari zen. Hala ere, euskaldunak ongi defendatu ziren. Zelaian ederki kokatu ziren, eta etxekoak ezinean aritzera behartu zituzten.
Hala ere, aukera batzuk izan zituzten. Horietako bat Malmek izan zuen, baina bere jaurtiketa langak geratu zuen, eta markagailuan ez zen aldaketarik izan. Azken minutuetan erasotzen ahalegindu ziren frantziarrak, batzuetan estu ere jarri zuten Bouet, baina honek bere lana ongi egin zuen, eta hasieran Hecklyk lortutako gola nahikoa izan zen baionarrek irabazteko.
Aviron Kopako bederatzigarren kanporaketan izango da, eta hortxe hasiko dira maila nagusiko taldeak lehian, eta zuri-urdinen ametsa horietako baten aurka jokatzea da, eta kanporaketaren bat gainditzea ere bai, orain dela lau denboraldi gertatu zen moduan.
Lau multzotan banatuko dituzte talde guztiak, eta baionarren multzoan, besteak beste, Marsella, Tolosa, Girondins, Nantes edo Lyon agertzen dira. Azken horren aurka orain dela bi urte neurtu ziren, eta orduan frantziarrek 1-2 irabazi eta euskaldunak kanporatu zituzten. Zozketa bihar bertan egingo da, 12.30etik aurrera, Metz herrian.