GARA > Idatzia > Iritzia > Gutunak

Juanan Legorburu Atleta ohia

Aho bat eta bi mingain

Artea hartu ezinda nabil Euskal Selekzioaren gaia dela-eta. Denetik entzun eta irakurri dugu azken asteetan, baina esan batek eman dit atentzioa: «Euskadi eta Euskal Herria gauza bera dira. `Euskadi' hitzak bidea egin du». Jakina bidea egin duela, baina berea, `Euskal Herria' hitzak egin duen bidearen kontrakoa. Ez dugu Historiaurrera joan behar hori hala dela ikusteko. Aski dugu bi urte atzera jotzea.

Euskal Autonomia Erkidegoko, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako atletok baldintza berberetan lehiatu izan gara Euskadiko Kros eta Pista txapelketetan orain bi urte arte. Ipar Euskal Herrikoa izan, nafarra izan edo Euskal Autonomia Erkidegokoa izan, indartsuenak eta bizkorrenak txapeldun, eta haiek podiumera, dominak jasotzera. Iragan denboralditik, ordea, kontuak oso bestelakoak dira. Euskadiko Atletismo Federazioko batzarren batean hala erabaki zutelako, Nafarroako eta Iparraldeko atletek ez dute Euskadiko Kros eta Pista txapelketetan saririk eskuratzeko eskubiderik. Arrazoia? Batzar horretako gehiengoaren ustez, ez Nafarroa, ez Lapurdi, ez Zuberoa eta ez Nafarroa Beherea ez direlako Euskadiko lurraldeak. Hori bai, Euskal Autonomia Erkidegoan bi edo hiru bat urtean bizi eta Espainiako herritartasunik izan gabe edozein atzerritar izan daiteke, gertatu den bezala, Euskadiko txapeldun. Hau, alabaina, beste upel bateko sagardoa da.

Euskadi eta Euskal Herria ez al dira ba gauza bera? Ba al dakigu nor garen? Arren, utzi bikoizkeriak alde batera, eta esaguzue behingoz `Euskadi' zer den. `Euskadi' Euskal Autonomia Erkidegoa bada, hots, Bizkaiak, Arabak eta Gipuzkoak osatzen badute, eta besterik ezin bada, ni neu joango naiz gurdi horretan beharbada. Baina, horrela izanez gero, atletekin gertatzen den bezala, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako futbolariak kanpora, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria kendu Euskadiko mapetatik.

Bestalde, auzi hau Euskadi/ Euskal Herria eztabaidara mugatzea arinkeria da. Futbolariek beste guztiok erakutsi ez dugun konpromisoa erakutsi dute azken hogeitaka urte hauetan euskal selekzioen ofizialtasunaren alde, euren kirol jarduera arriskuan jartzeraino (galdetu Tiko, Jorquera eta Xabi Alonsori, besteak beste). Baina, inora ez garamatzan txarlotada batean parte hartzeaz aspertuta, beste urrats batzuk egin behar ditugula pentsatu zuten bere garaian, eta hori da auzi honen azpian dagoena. Euskal Kirol Federazioen Batasunak, mingain bakarreko ahoa zabalduta, honakoa esan zuen: «Administrazioek zuzenduta, eginkizun publikoak garatzen dituzten erakundeak dira kirol federazioak, eta indarrean dauden lege-arauek ezarritakoen arabera zuzentzen dira». Erdiz erdi asmatu du. Alegia, Nafarroako eta Iparraldeko atletak indarrean dagoen lege-arauan sartzen ez direnez, kalera. Hortxe dago koska.

Legeak lege, Euskadi eta Euskal Herria hutsaren hurrengo dira nazioartean. Zoritxarrez, Euskal Herriko jokalariek ezin diote uko egin Espainiako selekzioari, ez publikoki. Ez dute inolako oztoporik, ordea, gutxi batzuk argazkian luzitzeko baino balio ez duen Euskadiko selekzioari ezetz esateko. Nahi edo nahi ez, jokalariek dute hogeita hamaika eskutik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo