GARA > Idatzia > Kirolak > Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Marka saiakerak

Telleria anaiek arazorik gabe ondu dituzte beren markak

Urtzik 175 kiloko zilindro zaharra berdindu zuen. Iraitzek, pisu bereko angeluzuzena jaso zuen, eta Beñatek, 13 urterekin, 100 kilokoa altxatu zuen.

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Telleriatarrek beren helburua bete zuten herenegun Zizurkilen, eta hiru anaiek beren marka pertsonalak ezarri zituzten Zizurkilen. Jende ugari batu zen saioa ikustera, nahiz eta eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu.

Hiruretan zaharrena Urtzi Telleria da, Telleria II.a. Honek 175 kiloko zilindro zaharrarekin egin zuen saioa. Hiru minutuko txanda batean jasoaldi bat eman zion, eta horrela marka egin ahal izan zuen. Anaietan zaharrenak 77 kilo inguru pisatzen ditu, eta jasotako harriaren pisua kontuan hartuta, lana bikaina izan zela onartu beharra dago.

Telleria anaien artean bigarrena 19 urte dituen Iraitz da. Honek 175 kiloko harri angeluzuzenarekin egin zuen saioa, eta lan horretarako hiru minutu izan zituen. Helburua betetzea lortu zuen, harria bizkarrean behin jaso baitzuen, eta horrela bere marka hobetzeko gai izan zen. Iraitzek ere 78 kilo inguru pisatzen ditu, eta egindako marka handia dela esatean, ez dago zalantzarik.

Anaietan gazteena Beñat da. Honek oraindik 13 urte besterik ez ditu, baina gaztetxoak ere marka latza egin zuen. 100 kiloko zilindro zaharra erabili zuen hiru minutuko txanda bakar batean, eta hiru jasoaldi eman zizkion harriari, minutuko bat. Adin horrekin horrelako harria jasotako asko ez dira, eta dudarik gabe honek ere etorkizun bikaina duela erakutsi zuen.

Irakasle eta entrenatzaile lanetan, beren aita izan zuten, Telleria I.a, eta laguntzaile Aimar Irigoien aritu zen, beraiekin entrenatzen baita.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo