GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Garikoitz Bragado Azpiri Durangaldeko AHT Gelditu Elkarlana

AHT: kultur ondarearen aurkako erasoa

Zeren zain daude guztiak zerbait egiteko? Zeren zain gaude besteok? Egunen batean baserriak eta baserritarren bizimodua hirietako museoetan ikustera kondenatuta gaude, baina, antza, bost axola zaigu

AHT Euskal Herrian egin den azpiegitura proiekturik txikitzaileena eta garestiena da. Urteak daramatzagu oztopoak gaindituz, horren aurkako arrazoiak zabaltzen hainbat ikuspuntutatik: ekonomia, gizartea, ingurumena... Arrazoi horiek jarri ditugu agerian, baina gutxitan aipatzen den beste bat agertu zaigu Durangaldean: kultur ondarea.

AHT, dauzkan ezaugarriengatik, ez da ingurune fisikora egokitzen; ingurune fisikoa egokitu behar da haren ezaugarrietara: parean mendi bat badago, zulatu eta aurrera; lurra oso behean dagoenean, biaduktua eraiki eta kito... Eta mendia traba ez bada, are gutxiago baserriak eta baserritarren bizimodua.

Agintariek ez dute mugarik izaten beren enpresen poltsikoak negozioetan betetzeko. Dirua usaintzen dutenean ez dute ezer errespetatzen, eta berriro ere berretsi digute hori. Euskal Herrian hainbat baserri bota gura dituzte AHT egiteko, eta Durangaldean hamar bat: zuzenean, proiektuan agertzen delako, edo zeharka, jabeek beste aukerarik ez dutelako. Guztiak ehunka urtekoak.

Horietatik Abadiñoko Mendilibar Erdikoak dauzka oraintxe bertan lanak gertuen (metro gutxira). Bertan familia bereko belaunaldiak bizi izan dira XIX. mendearen amaieratik gutxienez, eta orain han bizi den bikote adinduna bota nahi dute. Pertsona horiekiko errespetuz, ez dugu berbarik egingo urteotan jasaten ari diren egoeraz, baina ez da batere gozoa; gainera, oso informazio eskasa eman diete ofizialki.

Mendilibar Erdikoa 1660 inguruan eraiki zuten. Jatorrizko egitura ia osorik dauka, jatorrizko zutoinak bertan baitaude ganbaratik kortaraino. Aurreko horma zarpiatuta dago, baina azpian jatorrizko itxura igartzen zaio. Baserriaren horma batean jatorrizko adobezko adreilu batzuk daude, Durangaldean oso baserri gutxitan gorde direnak.

Hirurehun eta berrogeita hamar urteko historia duen lekuan, urte gutxitan zementuzko munstroa egongo da eragozten ez badugu; izan ere, baserriko sukaldearen lekuan, AHTren biadukturako zutabe bat eraiki gura dute.

Agian, gure agintari burutsuek, guk baino gehiago jakin ohi dutenez, esango dute Mendilibar Erdikoa eta botako dituzten beste baserriak ez daudela ondare gisa katalogatuta. Ados, baina katalogoetatik kanpo ez dago kultur aberastasunik? Duela hainbat hilabete banatu zuten propagandak «euskal Y»ren ibilbidea EAEko parke naturalen artetik igaroko zela agertzen zuen, eta AHTk ez dituela parkeak ukituko zioten... Ederto, baina parkeetatik kanpo ez dago mendirik? Trenak Udalatx mendia kaltetuko du gehien, baina inongo parke naturaletan ez dagoenez, ez du baliorik? Hori erakutsi nahi izan ziguten hipokrisia handiz propaganda harekin, eta orain gauza bera egingo dute katalogoetatik kanpoko baserriekin ere?

Baserriak, ordea, ez dira izango kaltetutako ondare bakarra. Abadiñoko Mendiola auzoan, Mendilibar Erdikoaren ondoan, uztailean hasi ziren AHTren lanetan. Hasteko, zuhaitzak kendu zituzten, eta arazorik gabe bota zituzten haritz zaharrak pinu gazteekin batera. Gaur egun pinua da nagusi mendietan, eta geratzen diren haritzak ere ardurarik gabe botatzen dituzte munstroa eraikitzeko. Lanen lursailaren ondoan Mendiolako galtzada ere badago. Galtzada, gaur egun ezagutzen dugun moduan XIX. mendearen erdialdetik dago, baina zaharragoa da, lehenagoko baten konponketa baita. Oraindik ez dute kaltetu, baina obrak bertan egonda, arduratu gaitezen...

Gu halako batean jaio ginen, bizi gara eta hilko gara, eta gure ondoren beste batzuk etorriko dira, gu baino lehenago beste batzuk joan ziren bezala. Gure ingurune fisikoa, baina, hor egongo da, gure joan-etorrien lekuko, eta horregatik, harrigarria da nola ausartzen diren politikari eta teknikari jakintsuak historia horrela iraintzen, kulturari barre egiten, guztion ondarea mespretxatzen.

Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko Kultura sailburuak ere ez du ezer esango kultur ondarea horrela izorratzen dutela ikusita? Azkarate Euskal Filologian doktorea da eta euskaltzain osoa, beraz, kulturarekiko ardura baduela pentsa dezakegu, eta, hala ere, ez du ezer egingo? Luis Miguel Kanalaetxebarria Abadiñoko Kultura zinegotziari ere ez diogu ezer entzun orain arte. Durangaldean, gainera, badugu zorionez aspalditik eskualdearen kulturaz arduratzen den elkartea, erakundeetatik kanpokoa, Euskal Herri osoan ezaguna eta oso errespetatua. Etsipen handiz diogu, ordea, elkarte horrek orain arte ez duela ezer egin nahi izan Mendilibar Erdikoaren alde (agian erakundeen errepresalien beldurrez?).

Zeren zain daude zerbait egiteko? Zeren zain gaude besteok? Egunen batean baserriak eta baserritarren bizimodua hirietako museoetan ikustera kondenatuta gaude, baina, antza, bost axola zaigu. Saminez ikusi genuen duela bost urte Itoizko urtegia egiteko Itoitzen, Artozki eta beste herrietan gertatutakoa: herri txikiak poliziaz eta makinaz beteta, ehunka urteko historia zuten etxeak, baselizak, hilerriak eta oroitzapenak suntsitzen. Mendilibar Erdikoarekin ere irudi berak ikusiko ditugu? Gure esku dago! Zure esku dago!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo