GARA > Idatzia > Iritzia > Jo puntua

Mikel Aramendi Kazetaria

Madoff iruzurra, anekdota eta kategoria

Ezkutuko finantza sistema horixe osatzen dute ofizialki banketxe edo aurrezki kutxa izan gabe finantza zerbitzuak eta operazioak eskaintzen eta kudeatzen dituzten egitateek... kontrol gutxi edo batere gabekoak gehienetan, ilunpean... Madoffen BLM Investment Securities hori bezalakoak, alegia

Topa ondorengo gogoetei ekiteko ordua izango da. Inguruan ditudan gehienei igarri baitiet algaraz hartu dutela Madoff iruzur erraldoia: «Izorra daitezela azkar usteko kaiku urreztatu horiek! Nirerik behintzat ez duk pikutara joan hor!», entzun diet gutxi gora behera denei. Eta neureak ere halatsu izan dira, ez pentsa. Betiko adarjotzaileak proposatzen zuen «Arsenio Lupin saria» eman behar geniokeela Madoff honi; baina berak ere ez zuen dirurik ipini nahi izan garaikurra erosteko. Eta horrela jarrai genezake denboraldi batez, alegrantziak urriak izaten direlako txiroon bizimoduan.

Baina arazoa da anekdota besterik ez dela Madoffena. Anekdota potoloa, 50 mila milioi ez direlako txori zirina. Latza, haren zuloan beren ondareen zati koxkorra edo handia galdu dutenentzat. Dibertigarria, beti galtzaile suertatu ondoren behingoz begirale baizik ez garenontzat. Baina anekdota hutsa besterik ez. Antzeko beste hamaika izango direlako han eta hemen, halako edo bestelako mozorro batekin.

Arazoaren beste aldea izango da, beraz, anekdota horren kategoria zein den kausitzea. Erregulatzaile ofizialen eta fede-emaile pribatuen utzikeria, ezgaitasuna edo konplizitatea aipatzen dute batzuek. Argi dago horrelako zerbait badela Madoff kasuan, berezko porrotera heldu arte iraun baitu piramideak. Konponbide gaitza du horrek, ordea, diru kontuetan zaintzaile eta zainduen arteko ahaidetasuna edo ohaidetasuna gogoan izaten badugu (Madoff da adibide ederra).

Zekenkeria eta diru-gosea aipatzen dute beste batzuek, iruzurraren lazoan erori direnak diruz ez ezik eskarmentuz betetako jendea ere badirelako ezbairik gabe. «Inork baino hobeto jakin behar zuten ezinezkoa zela horrenbesteko interesak eskaintzea, urte on zein kaskarretan!», aldarrikatzen dute, arrazoi osoz. Arazo antropologiko edota sistemiko horrek, haatik, konponbiderik ez duela apustu egingo nuke...

Hoberik ezean, Paul McCulley-rengana joko nuke nik, ordea, berriro. Zertaz ari garen hizketan argitzeko lagungarria izan daitekeelako, ez beste ezergatik. McCulleyk «berpiztu» zuen duela hamar urte Hyman Minsky ekonomialaria, espekulazioaren hausnartzaile aparta, orduan hil berria, Errusiako finantza krisia esplikatzeko. Eta hortik eratorri zuen «Minsky unea» kontzeptua, espekulazio burbuilak eztanda egin behar zuen unea izendatzeko. Ezagutzen ez dutenek ere erabiltzen dituzte orain Minskyren adierak: Madoff iruzurra «Ponzi eskemakoa» dela diote denek.

McCulleyren beste ekarpen bat da «shadow banking system» kontzeptua. Isilpeko edo ezkutuko finantza sistema horixe osatzen dute ofizialki banketxe edo aurrezki kutxa izan gabe finantza zerbitzuak eta operazioak eskaintzen eta kudeatzen dituzten egitateek... kontrol gutxi edo batere gabekoak gehienetan, off shore kokamenduekin askotan, ilunpean... Madoffen BLM Investment Securities hori bezalakoak, alegia.

Bere garaian, duela hamar bat urte, McCulleyri (eta Greenspani) oso onuragarriak iruditzen zitzaizkien horrelakoak. Ez dakit orain. Nik argi dudana da iruzurtegi horiek garbitu gabe finantza krisia kontrolpean izatea lortzea ametsa dela. Amesgaiztoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo