GARA > Idatzia > > Euskal Herria

«Ezjakintasuna dela-eta, jendeak ez du AHTren aurka egiten»

p016_f01_111x111.jpg

Oihane Mikeo Zabalo
Gasteizko AHT gelditu! elkarlaneko kidea

1988ko irailean Errenterian jaio bazen ere, Lezora joan zen bizitzera Oihane Mikeo. Egun, Gasteizen bizi da eta bertan ari da Itzulpengintza ikasketak egiten. Duela hiru urte sortu zuten unibertsitatean AHT-AUT (Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Unibertsitateko Taldea), eta geroztik Gasteizko AHT Gelditu! Elkarlanean ere badabil.

Janire ARRONDO |

AHTren gaineko hitzaldiak ematen ibili da pare bat astez Oihane Mikeo Italian, Euskal Herriaren Lagunek Askapenarekin elkarlanean antolatutako bira batean. Kolore guztietako iritziak jaso ditu Mikeok Italian.

Nolatan joan zinen Italiara?

Euskal Herrian Abiadura Handiko Trenaren aurkako borrokan dugun esperientziaren berri emateko asmoarekin joan nintzen hara. Baita, era berean, hango borroka ezagutzeko ere. Harrituta geratu naiz, Val di Susan, halako erresistentzia gune xume batetik egin duten borroka gunea ikusita.

Nolako harrera izan zenuen?

Oso gustura izan nintzen hango jendearekin. Behin baino gehiagotan eskertu didate hara joan izana. Berezia izan zen Val di Susan gertatutakoa. AHTren aurka egin zen 15.000 laguneko manifestazio baten amaieran mikrofonoa eman zidaten, hitz egin nezan. Amaitutakoan, asko hurbildu zitzaizkidan haraino joateagatik eskerrak emanez.

Nola bizi dute Italian AHTren aurkako borroka?

Florentzian egon nintzenean, bertakoek informazio falta handia zutela zioten, eta ezjakintasun hori dela-eta, jendeak ez duela AHTren aurka egiten. Euskal Herrian ere gauza bera gertatzen da. Baina, EHUn egindako azterketa kontuan izatekoa da, erakusten baitzuen jendeak zenbat eta informazio gehiago izan, orduan eta indar gehiagoz zegoela AHTren aurka.

Italian AHT bezalako proiektu handien kontra ezkerreko alderdi eta sindikatu guztiak biltzen dira, batera lan egiteko. Errauste planta bezalako proiektu txikiago baten aurrean ordea, norbere interesak defendatze aldera aritu diren sindikatuak egon dira.

Hitzaldi batean, politikariek AHT azpiegitura ona balitz bezala agertzen dutela zioen agure batek, baina, ez duela inongo onurarik ekarriko. «Bizkarroi» hitza erabili zuen deskribatzeko, gustatu zitzaidan.

Hango irratietan ere elkarrizketatu zintuzten...

Espero nuena baino oihartzun handiagoa izan zuen hitzaldi birako nire parte-hartzeak. Onda Rossa, Radio Cittaperta eta Controradio irrati libreetan elkarrizketatu ninduten, beste batzuen artean. Euskal Herrian nola lan egiten genuen ezagutzeko jakin-mina zuten, luze hitz egin nuen batean eta bestean.

Aldera al daitezke Italiako eta Euskal Herriko borrokak?

Hainbat gauzatan berdintasun ugari ditugu, eta beste askotan ez. Azken finean trena Europako bazter guztietara eramaten ari dira, eta han, hemen bezala, herri txikiei inongo mesederik egiten ez dien azpiegitura da. Italian, proiektu suntsitzailearen aurka mugitzen badira ere, ez daude hemen bezain antolatuta. Hala ere, AHTren aurkako borrokan, Euskal Herrian bezala, hainbat kolektibo bat eginda aritzen dira.

Harrituta utzi nau Val di Susako erresistentzia guneak. Hango alkatea hasieran proiektuaren aurka azaldu zen, baina, ondoren gobernuarekin akordioren batera iritsi zen. Nik hemen Aramaion gertatutakoa kontatu nien, eta ezin zuten sinetsi.

AHTren aurka egoteko arrazoi gehiago badagoela azaltzen zenien...

Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoaren nondik norakoak ezagutzea beharrezkoa da AHTren aurkako borroka ulertzeko. Gobernu espainolak eta frantsesak inposatutako proiektua zela azaltzen nuen, eta beraz ez zela gure proiektua.

Hala ere, asko ziren Euskal Herrian gure lana ezagutzen izandakoak, eta beraz, hemengo egoeraren berri zutenak. Ezagutzen ez zutenei berriz, antzematen zitzaien jakin-min handia.

 

bizkarroia

«Florentziako agure batek `bizkarroi' hitza erabili zuen AHT deskribatzeko; asko xurgatu bai, baina, gutxi ematen duelako»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo