Hezkuntza arloko ehundaka kidek bat egin dute presoen aldeko deialdiarekin
300 irakasle eta 400 ikasle baino gehiagok, hamarka langilek... orotara, hezkuntza arloko norbanako eta eragile ugarik bat egin dute euskal preso politikoen alde urtarrilaren 3an Bilbon egingo den manifestazioarekin. Atzo, prentsaurreko jendetsua egin zuten Leioan.
GARA |
Prentsaurreko jendetsua eman zuten atzo Leioako campusean hezkuntza arloko irakasle, ikasle eta langileek. Beren xedea, heldu den urtarrilaren 3an, Bilbon, euskal preso politikoen eskubideen alde egingo den manifestazioarekin bat egitea. Prentsaurrekoa bukatutakoan, 130 lagunek manifestazioa egin zuten, eta presoez gain Guardia Zibilak atxilotutako lau gazteak ere gogoan izan zituzten.
Agerraldian azaldu zutenez, «hezkuntzan dihardugun pertsona eta eragileok, 760 pertsona baino gehiagok osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboak espetxe politika ikaragarri baten ondorioz bizi duen egoera kezkagarriari erantzuteko bildu gara». «Gu, pertsona eta kolektibo gisa, suntsitzeko politikek, salbuespen neurri berezien bidez, ez dute etenik. Presoen bakartzea, urruntzea eta komunikazioa zailtzea beste helbururik ez dute», salatu zuten. Horrez gain, kartzeletan presoei hezkuntza eta hizkuntza eskubidea ere ukatzen zaiela oroitarazi zuten.
Horregatik, egoera honen erantzuleei eta «poltronetatik ezikusiarena egiten dutenei» erantzukizunak eskatu eta horren ardura egotzi zieten. Bestalde, nabarmendu zuten bizi arteko espetxe zigorra ezartzea eta gaixo larriei ezarritako «heriotza zigorra» direla «espetxe politika krudelaren, haren errepresio-mekanismoaren eta kriminalizazio judizialaren islarik gogorrenak», eta gero eta gehiago direla zigorra beteta ere preso jarraitzen dutenak.
Hiru eskaera gobernuei
Horiek hala, Gobernu espainol zein frantsesari eskatu zieten «gaixotasun larriak dituzten preso politikoak berehala aska ditzatela; biziarteko zigorra ezartzeko neurriak bertan behera utz ditzatela, kondena betea duten presoak kaleratuz eta kalean dauden preso ohiak bakean utziz; eta sakabanaketa eta bakartze politika alde batera utzi eta euskal presoak Euskal Herriratu ditzatela».
Hori guztia exijitzeko, urtarrilaren 3an Bilboko manifestaziora joateko deia egin zuten, «herritarren esku hartzearekin eta lanarekin soilik lortuko baitugu euskal preso politikoen eskubideak bermatzea».
Ekimenarekin bat egin dute honakoek: Eraldatu, EHBE, Gazte Independentistak, Ikasle Ekintza, GKK, IA, LAB, PAT, Arantza Urkaregi, Joserra Etxebarria, Nikolas Xamardo, Mario Zubiaga, eta 400 ikasle 300 irakasle eta hamarka langile.