«Terroristen zerrenda» zentzugabea
Europar Batasunak, Estatu espainoleko Gobernuak hala eskatuta, EAE-ANV eta EHAK alderdiak «terroristen zerrendan» sartu izana PP Gobernu espainolean zela hasitako dinamikaren jarraipena da, PSOEk alderdi eskuindarraren dinamika hari eutsi eta are gogortu ondoren. Estatu espainolean legez kanpo utzi ahala, ezker abertzaleko hainbat erakunde politiko eta sozial Europar Batasuneko «erakunde terroristen» zerrenda «beltzean» sartuz joan dira. EAE-ANV eta EHAK alderdiak izan dira azkenak. Eta kasu guztietan aski izan da estatu batek hala eskatzea. Horrek egoera paradoxikoak sortu ditu, beharbada absurdoak esatea zuzenagoa bada ere. Esate baterako, zerrenda «beltz» horretan Hamas dago, palestinarrek beren gobernua osatzeko hauteskunde demokratikoetan hautatu zuten taldea, alegia. Euskal erakundeei dagokienez, Batasuna ere aspaldi dago «terrorista» jazarrien zerrenda horretan, EBko estatu batean, Estatu frantsesean, hain zuzen, legezko erakundea bada ere. Hartara, Europar Batasunak zerrenda hori osatzeko darabiltzan irizpideak estatuen interes partikularren araberakoak dira. Izan ere, Estatu espainiarrak, zenbait euskal erakunde eta herritar zerrenda horretan sartzea lortu ondoren, ez zuen erakunde eta herritar horietako zenbaitekin hitz egiteko arazorik izan, haiek solaskide politiko gisa aitortuta.