Ikasleek mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dutela erakutsi dute Baionan
A.B. |
Hezkuntza ministro frantsesak erreforma atzeratuko duela erran arren, ikasleek mobilizazioekin jarraituko dutela erakutsi zuten atzo Baionan. Goizeko hamarrak zirela, mila bostehun bat lagun bildu zen geltokian, eta bertatik, desfilean Baionako karrikak zeharkatu zituzten. Baionako lizeo eta unibertsitateko ikasleekin batera, Hazparne, Biarritz, Donibane Garazi eta Donibane Lohizuneko ikastetxeetakoak ziren bertan. «Erreformaren ezarpena sei hilabetez atzeratzea erabaki du Darcosek. Hori lorpen handia da, baina guk nahi duguna erreforma bertan behera uztea da», jakinarazi zuten ikasleek. Atzoko manifestazioaren ondotik, hurrengo asteetan beste hainbat mobilizazio egingo dituztela iragarri dute. Eguberriko oporrak heldu badira ere, bi aste horietan mobilizazio egun bat eginen dutela eman zuten aditzera.