Bushen administrazioaren adio ustela
Cheneyk torturaren erabilera eta Guantanamo bera defendatu ditu
Ameriketako Estatu Batuetako presidenteordeak, Dick Cheneyk, Guantanamoren erabilgarritasuna defendatu zuen, baita bertan preso daudenak torturatzea ere. Ildo horretan, itotze simulazioak egitearen alde egin zuen ABC kateari eginiko elkarrizketan. Haren hitzetan, Kuban duten basea ixtea arduragabekeria izango litzateke. «Izuaren kontrako guda» irabazi artean, irekita mantentzea eskatu zuen. Barack Obamak hura ixteko konpromisoa hartu zuen kanpainan.
GARA | WASHINGTON
Guantanamoko tortura salaketak aski ezagunak dira. Giza eskubideen alde lan egiten duten erakundeek urteak daramatzate bertako bizi baldintza gordinak salatzen. Mundu osoan hamaika ekimen eta mobilizazio egin dira Ameriketako Estatu Batuek Kuban duten basea ixteko.
AEBetako presidenteorde Dick Cheneyri, ordea, bost axola zaio hori guztia. ABC telebista kate estatubatuarrari eginiko elkarrizketan, Guantanamoren erabilgarritasuna sutsuki defendatu zuen. Mugarik gabe zabalik mantentzea eskatu zuen. Barack Obama presidenteak, aitzitik, ixteko konpromisoa hartu zuen hauteskunde kanpainan. Cheneyren aburuz, hori egitea ardura falta handia izango litzateke. «Izuaren kontrako guda» irabazi artean Guantanamo bere horretan uztea aldarrikatu zuen.
«Inork ez daki terrorismoaren kontrako guda noiz bukatuko den. Iraganean, gerrateren batean izan garenean, harrapatutako aurkariak ez ditugu gatazkaren amaiera arte askatu izan. Hori egiteko eskubidea erabili dugu historikoki», adierazi zuen.
Horren harira, Bigarren Mundu Gerran Ameriketako Estatu Batuetako indar armatuek soldadu alemaniarrak preso hartu zituztela gogora ekarri zuen. Bi egoerak maila berean alderatu zituen. «Oinarrizko printzipio bera ezarri behar dugu hemen», gaineratu zuen.
«Preso daudenak entregatzea izan liteke hautabidea. Baina, jatorrizko herrialde gehienek horiek berriro hartzeari uko egin diote espresuki», esan zuen.
«Waterboarding»aren alde
Cheneyk torturaren erabileraren alde egin zuen erreparorik gabe. Waterboarding delako tortura mota galdeketetan erabiltzeko baimena berak eman zuela aitortu zuen.
Pertsona immobilizatuta eta burua beherantz makurtuta, ura botatzen diote gainera arnasa hartzea oztopatuz. Egoera horretan dagoenak itolarria jasaten du, une batetik bestera hil egingo dela uste izateraino. Oxigeno faltak birikietan eta burmuinean ondorio larriak eragin ditzake. Askotan, hezurren bat hauts dezakete uraren kontra indarra egitearen ondorioz. Kalte fisikoak hilabeteetara azaldu daitezke eta kalte psikologikoek urteetan iraun dezakete.
Waterboarding delakoa erabili izan da, gutxienez, Inkisizio espainoletik hona. Justizia Departamenduaren oniritziarekin CIAk atxilotuen kontra erabili ohi zuela aditzera eman zuten hedabide estatubatuarrek 2007an. Informazio horrek zalaparta handia sorrarazi zuen. Behintzat, hiru kasutan erabili zuen; Khalid Sheikh Mohammed, Abu Zubaydah eta Abd al-Rahim al-Nashirirekin, hain zuzen. Lehenari, Irailaren 11ko atentatuen «buru» izatea egotzi zioten.
Presidenteordeak Waterboardinga «oso arrakastatsua» izan dela nabarmendu zuen: «Bistan daude emaitzak».
AEBetako «operazio berezietan» jarduten dutenen entrenamenduan ere baliatzen dute, «etsaiaren eskuetan erortzekotan, prest egon daitezen».
Irakeko gerrari buruz ere mintzatu zen. Herrialde arabiarrean indarrez sartzeko azaldu zituzten argudioak gezurra izateak ez duela aparteko garrantzirik plazaratu zuen.
«Sadan Huseinek suntsipen handiko armak ekoizteko gaitasuna zuen. Teknologia eta beharrezko langileak nahiz materialak zituen», argudiatu zuen.
Cheneyren ustetan, Irakeko presidente ohiak «suntsipen handiko armen ekoizpen programa berriro martxan jartzeko borondate osoa zuen. Nazioarteko zigorrak altxatzearen zain zegoen, besterik gabe».
«Gaizkile bat zen. Irakeko herria, baita mundua ere, irabazten atera dira. Erabaki egokia hartu genuen», helarazi zuen elkarrizketa amaitutzat eman aurretik.
Epe luzerako kontua
Bestalde, Guantanamoko atxiloketa guneko nagusiak, David Thomasek, nazioarteko hainbat hedabideri -tartean «El Pais»-, eskainitako elkarrizketan, Guantanamoren itxiera epe luzerako kontua dela ohartarazi zuen. «Egungo presidenteak, hots, George W. Bushek dioenaren arabera jokatu behar dugu. Oraingoz ez dugu gure jarduna aldatzeko agindurik jaso. Obamak presidente kargua zin egindakoan, ixtea eta atxilotuak lekuz aldatzea erabakitzen badu, hala egingo dugu, noski. Ez dagokigu guri balizko itxieraren gainean erabakirik hartzea», esan zuen.
«Atxilotuak hegazkin batean sartzea eta Guantanamotik eramatea erraza da. Nora joango diren eta zer-nolako prozesu judiziala izango duten erabakitzea da zailena», nabarmendu zuen.
Guantanamoko hiru preso iritsi ziren atzo Bosniara. 2001ean atxilotu zituzten Sarajevon AEBek duten enbaxadaren kontra atentatua prestatzea leporatuta. Epaileek errugabeak direla adierazi dute orain.
Un hermano del periodista iraquí que increpó al presidente de EEUU lanzándole un zapato y llamándole perro denunció que la Policía le habría causado graves daños, entre ellos la rotura de un brazo.
«Tiene un brazo y varias costillas rotas y sufre heridas en un ojo y en una rodilla» denunció Durgham al-Zaidi, hermano de Muntazer. No obstante, no pudo precisar si las heridas le fueron infligidas en el momento de su detención o posteriormente. Lo que sí confirmó, aludiendo a fuentes policiales, es que su hermano está detenido en la Zona Verde «y que ha sido golpeado por los servicios policiales» dependientes del consejero de Seguridad Nacional del Gobierno colaboracionista, Muaffak al-Rubaie. Mientras la población iraquí saludaba su gesto como heroico, la prensa del país ocupado guardaba un silencio cómplice cuando no condenaba su acción contra «un invitado», en referencia a Bush.
La libanesa New TV ha hecho una oferta de empleo a Muntazer al-Zaidi y se ha comprometido a sufragar los gastos de su libertad.