Baionako lan auzitegien osaketak sindikatuen artean istiluak sortu ditu
Sindikatuen arteko harremanak ozpinduta daude, batez ere nagusienak (CGT eta CFDT). Baionako PHKren osaketaren harira gorabehera anitz sortu da, CGTk, LAB baztertuz, Pauen aztertu duelako gaia. CFDT ez da bertan izan eta beste bilera batera dei egin du, gaurko Baionan.
Arantxa MANTEROLA |
Baionako Prud'Hommes Kontseilu (PHK) berria eratzeko hilabete eskas geratzen delarik, egunotan gorabehera handiak sortu dira sindikatuen artean, batez ere, CGT eta CFDTren artean. Azken hamabost urteetan CFDT izan da nagusi Baionako PHKn baina, abenduaren 3ko hauteskundeen ostean, CGTk hartu dio lekua, nahiz eta bi sindikatuok bederatzina kontseilari erdietsi dituzten.
Orain artean, beraz, Ipar Euskal Herriko CFDTk egin ohi zuen lehen bilkuraren deialdia, sindikatuek, besteak beste, lan auzitegiko presidentetza eta karguen banaketa aztertzeko. Alta, oraingoan CGT izan da deialdia egin duena; baina departamendu mailako deia izan da, eta lau kontseilari lortu dituen LAB sindikatua kanpoan utzita. Horiek horrela, Pauen astelehenean egin zen bilkurara ez joatea erabaki zuen CFDTk, Mixel Larralde idazkari nagusiak azaldu bezala, «Baionako funtzionamenduak ez duelako zertan Pauen erabakia izan behar» eta, bestalde, ez daudelako ados «inolako eragile sozialik baztertzearekin».
Alain Duzert CGTko koordinatzaileak erantzun du bere sindikatuak eta ia gainerako guztiek departamenduko egituraketa dutela eta, beraz, «normala» dela bilkura Pauen egitea. Bestalde, gogorarazi du «LABek indarkeria salatzen ez duenez», antzeko bilkuretara ez dutela gomitatzen.
Bilkura Baionan
Ipar Euskal Herriko CFDTk, ez du ulertzen sei urteotan LABekin lanean elkarrekin aritu delarik, nolatan mahai-gaineratzen duen orain CGTk arazo hori, eta bilkura egiteko deia zabaldu die sindikatu guztiei, gaurko, Lapurdiko hiriburuan, Baionako PHKren osaketa eta funtzionamendua aztertzeko. Larraldek gaineratu du betidanik «era zabalean» jardun dutela eta horren lekuko dela presidentetzaren kargua gainerako ordezkari sindikalekin txandakatu izana.
CGTk, bestalde, agiri bat igorri die sindikatu guztiei -honakoan baita LABi ere- «atentatu eta erailketa terroristak arbuiatzera» eta «jokamolde demokratikoak» erabiltzera engaia daitezen. «Hori onartzen badute, nahiz eta ideietan desberdintasun asko ditugun, gu joanen gara bilkurara. Erabakia beraiei dagokie baina ez dezatela biktimen papera har» adierazi du Duzertek.
«Betidanik indarkerian aurka» egon direla argi utzita, CFDTk «aldez aurretiko baldintza» hori jartzea onartezina dela esan du. «Are eta gehiago guk antolatutako bilkura denean».
LABek gaurko bilerarako gomita jaso duela baieztatu du, eta joanen dela ere bai.
CFDTri «ulergaitza» egiten zaio CGTren jarrera. «Badirudi LABen bitartez gu erasotzea duela helburu» esanda, sindikatuen egitekoa «politikagintza baino, langileen defentsa» dela gaineratu du.