Neguko merkatua
Toni Moralen irteerak hiru fitxaketa ekar ditzake
Bi kluben arteko akordioa erabatekoa da eta jokalaria eta kantabriarrak ados jartzetik oso hurbil daude.
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Toni Moral Santanderretik gero eta gertuago dago, hiru aldeak izaten ari diren negoziazioak akordio batera heltzeko zorian daudelako. Bi taldeen arteko akordioa erabatekoa ei da, eta 700.000 euro ordainduko ditu talde kantabriarrak jokalariarengatik. Kantabriarren presidentea kataluniarraren ordezkariarekin bildu zen atzo azken xehetasunak lotzeko.
Negoziazioa horren bideratuta egonik, pentsatzekoa da Manresakoak Lehen Mailan jokatzeko aukera izango duela urtarriletik aurrera. Taldean zulo handi xamarra utziko du, bera izan delako Salmeronen hamaikakoetan postua ziurtatuta izan duen jokalarietako bat.
Hala ere, oraintxe bertan arlo ekonomikoak lehentasuna du talde gasteiztarrean eta erdilariarengatik jasoko duten dirua zuloak tapatzeko erabiliko dute. Lehendik ere jakina zen taldea antolatzaile eta aurrelari baten bila zebilela eta Toni Moralek alde egiten badu, ezker hegaleko jokalari bat ere bilatu beharko du Javi Perezek, hori bai, hirurak Santander aldera joango den jokalariaren prezioan.
Taldean haren ordezko gutxi
Gaur egungo taldeari erreparatuta, aurtengo denboraldian apenas jokatu duen Jacobo da Toni Moralek berez izan lezakeen ordezko bakarra. Atletico Madrileko harrobitik aurten fitxatutako erdilariak 16 minutu baino ez ditu jokatu Ligan eta Kopan izandako aukeretan ere ez du entrenatzailearen konfiantza irabazteko moduko gauza handirik egin, beraz, normala da postu horretarako beste aukeraren bat bilatzea.
Defentsan aritzen diren bi hegalekoek, Raul Llorente eta Edu Albacarrek, orain arte emandako maila bikaina ikusita, kataluniarrak zelai erdian jokatzea ere ez da baztertzeko moduko aukera. Dena dela, merkatuaren egoerak izango du honen guztiaren erantzuna, saltzeak baitu lehentasuna Alavesen.
Taldeko hamaikakoan hutsuneak betetzera etortzeko aukerak dituztenen artean, Sportingeko Pablo De Lucas antolatzaile gaztea da Gasteiztik gertuen den jokalaria.
Lehiaketa Batzordeak onartu egin du Garitanoren txartel gorriari jarritako errekurtsoa. Txartel horia izatera arindu dute, baina ezingo du Teneriferen aurka jokatu.