Pako Aristik Toribio Altzaga saria lortu du atxiloketa bati buruzko antzezlanarekin
Euskaltzaindiak eta BBK fundazioak urtero antolatzen duten literatura lehiaketako sariak banatu dituzte Bilbon. Lau atal izan ohi ditu lehiaketak, eleberria, antzerkia, olerkia eta saiakera, baina antolatzaileek adierazi dutenez, aurtengo edizioan ez dute saio-saririk banatu halako lanik ez duelako inork aurkeztu. Euskaltzaindiko kideek eta literaturgintzako adituek osatu dute epaimahaia eta, batez ere, jasotako obren kalitate handia nabarmendu dute.
Ianire RENOBALES | BILBO
Euskaltzaindiak, BBK fundazioaren laguntzaz, urtero antolatzen duen literatura lehiaketako sariak banatu zituen atzo Bilbon duen egoitzan. Antolatzaileek azpimarratu zuten aurten ez dela Mikel Zarate saiakera saria banatu, halako lanik aurkeztu ez delako. Hala ere, gainerako hiru ataletan izandako maila eta kalitate ona nabarmendu zuten. Aurtengo irabazleak honakoak izan dira: Pako Aristi antzerkian, Amaia Jauregizar olerkian eta Mikel Zubeldia eleberriaren modalitatean.
Toribio Altzaga antzerki sariaren irabazlea Pako Aristiren «Josu Dukatiren proposamena» obra izan da. Lanak ETAko buruzagi baten atxiloketaz hitz egiten du. Etakidea galdeketa gelan dago eta ertzainburuaren galderei erantzun behar die nahitaez. Bi gizon kokatzen dira aurrez aurre, institutu garaian ikaskideak zirenak, eta lagunak. Gainera, biak neska berberaz maiteminduta zeuden. Institutua amaitutakoan beraien bideak banandu ziren, baina biek hartu zituzten armak, batak legearen alde, besteak legearen kontra.
Ekintza nagusia Ertzaintzaren kuartel batean gertatzen da eta «euskal gizartearen atzera begirako ona» egiten duela adierazi du Peio Telleria Euskaltzaindiko kideak. Atal honetan, guztira, zazpi lan izan dira aurkeztuak eta epaimahaikideak honakoak izan dira: Eugenio Arozena, Daniel Landart eta Patri Urkizu.
Pako Aristi Urrestillan jaio zen 1963an. Idazle, gidoilari, eta kazetaritzan lizentziaduna da. Musika ikasketak ere egin ditu. 1985az geroztik, liburu ugari argitaratu ditu, adibidez, "Urregilearen orduak" eta "Gauza txikien liburua". Poesian ere ibilia da eta "Castletown", "Oherako hitzak" eta "Libreta horiko poemak" idatzi ditu. Bestalde, hainbat biografia ere idatzi du, hala nola: "Gelatxo", "Soinuaren bidaia amaigabea", "Nire uztapide" eta "Kontxu Odriozola". Gainera, urteko erreportajerik onenak baloratzen dituen Rikardo Arregi kazetaritza saria bi aldiz jaso du, 1992an eta 1993an.
Honako sari banaketa aprobetxatu du Aristik proposamen bat egiteko. Euskal antzerkigintza oso urria dela adierazi, eta hurrengo edizioetako saridunen lanak taularatu egin beharko liratekeela esan du. Antolatzaileek beso zabalik hartu dute ideia. Oraingoz, ordea, ez da egingo.
Txomin Agirre eleberri sariari dagokionez, Mikel Zubeldia izan da aurtengo irabazlea «Ekilibristaren polka» lanarekin. Elkarrekin lotuta dauden bost narraziok osatzen dute ironiaz eta humorez zipriztindutako obra hau. Ochreland izena duen probintzietako hiri grisean girotzen ditu autoreak ipuin gehienak. Identitateaz, pertsonen arteko gatazkez, maitasun lokaztuez eta joandako XX. mendeaz hitz egiten du Zubeldiak eleberrian.
Orotara, sei lan aurkeztu dira atal honetara; baina, epaimahaiaren esanetan, aho batez erabaki zuten irabazlearen izena, darabilen hizkera berezia, erreferentzia kulturalak, tratamendu narratiboa edota irakurlea berehala harrapatzen duela aintzat hartuz. Ur Apalategi, Karlos Otegi eta Iratxe Retolaza izan dira lehiaketara aurkeztutako eleberrien epaileak.
Bestalde, Felipe Arrese olerki saria Amaia Jauregizarrek jaso du, «Azazkalak jaten» poema bildumarekin. Jon Kortazar Euskaltzaindiko Literatura batzordeko kideak azaldu duen eran, «eguneroko gertakarien irakurketa bereziak ahalbidetzen ditu poemaz poema eraiki den liburu honek». Epaile lanean jardun dutenak honakoak izan dira: Mikel Lasa, Felipe Juaristi eta Lourdes Otaegi.
Lehiaketara lau motako lanak aurkez daitezke: eleberria, antzerkia, olerkia eta saiakera. Aurten, Mikel Zarate saio-saria ez dute banatu, ez delako halako lanik aurkeztu.