GARA > Idatzia > Kirolak > Athletic

Lehen maila

Gurpegi pozik dago, «sudurra baino ez» duela-eta hautsi

Andosillako erdilariak ez ei du gogoan kolpea hartu zuenetik aldageletara iritsi arteko ezer. Bestalde, hainbat jokalari Basurton eta Gurutzetan izan ziren atzo.

p036_f01_148x096.jpg

GARA | BILBO

Maskara eta guzti azaldu zen atzo kazetarien aurrera Carlos Gurpegi. Ezbeharraren erdian eskerrak emanez, Andosillako erdilaria «pozik» azaldu zen «sudurra baino ez» duelako hautsi. Sportingeko Pichu Cuellar atezainarekin izandako talka «susto handia» izan zela aitortu zuen, are gehiago irudiok telebistaz ikusi eta gero.

«Halako sustoa izan ondoren, irudiok ikusi eta gero, batik bat, pozik nago sudurra baino ez dudalako apurtu. Kolpearen irudiak, konbultsioak... ikusi nituenean, apur bat larritu nintzen, eta tira, gaitz erdi, sudurra besterik ez bada hautsi. Zernahi gerta zitekeela datorkizu burura eta, tira, hauxe baino ez bada, gaitz erdi», adierazi zuen.

Nafarrak aitortu zuenez, zelaian jazotakoa ahaztuta ei dauka. «Davidek -Lopezek- falta bat bigarren zutoinera aterako zuela esan zidan eta baloiak zekarren bidea zaintzen ari nintzen. Oroitzen dudan hurrengoa aldageletan nagoela da. Zelaian jazotako ezertaz ez naiz oroitzen. Badakit zutitzen saiatu nintzela eta taldekideak ni geldiarazten saiatu zirela, baina hori irudiak ikusi eta gero jakin dut, ez bainaiz ezertaz gogoratzen».

«Denbora luzez berotzen egon ostean, gogotsu atera nintzen zelaira. Aspaldiko partez igande lasaia ari ginen izaten, eta nik ere gozatzeko aukera izan nahi nuen. Estrategia jokaldietan nahiko ongi moldatzen naizela ikusita, gainera, bada, baloiaren bila joan nintzen eta atezainarekin talka egin nuen», laburbildu zuen jokaldia erdilari nafarrak.

Eskerrak eta besarkada

Carlos Gurpegik hartu zuen kolpea ikusgarria izan zen, baina talka horren ondorioz, Sportingeko atezain Pichu Cuellar ere lesionatu zen. Eibarko atezain ohia lau hilabeterako baja izango omen da. Horren harira, Gurpegik «besarkada bat» bidali gura izan zion.

«Oraindik ezin izan dut berarekin hitz egin», esan zuen Gurpegik, «baina gustatuko litzaidake asteon berarekin egotea. Behar bezala sendatu dadila nahiko nuke, eta zoritxarreko talka bat baino izan ez zenez, ea bigarren itzulian elkarren aurka jokatuko dugun partidan jokatzeko moduan aurkitzen den».

Azkenik, bere osasun egoeraz arduratu diren guztientzat, Sportingeko entrenatzaile Manolo Preciadorentzat batik bat, esker oneko hitzak izan zituen Andosillakoak.

«Pare bat egunetan telefonoari itsatsita egon naiz. Lagunak, peñak, herritarrak, zaleak... denei eskerrak eman nahi dizkiet, nirekin egon direlako. Horrez gain, Manueli -Preciadori- ere eskerrak bidali nahi dizkiot. Ohatilan ninderamatela, nigana etorri zen eta bere ahotsa entzun nuen. Hori detaile handia da niretzat», amaitu zuen.

Bestetik, esan behar Athleticeko eta Bilbao Basketeko jokalariek Basurtoko eta Gurutzetako ospitaleetan izan zirela atzo, bertan dauden haurrei, urteroko legez, bisita egiten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo