GARA > Idatzia > > Eguneko gaiak

«Astean 65 orduko lanaldia esklabutza bide bat da»

 
Eneko Martiarena
Cortusa industrial S.L. enpresako langile kaleratua

Enpresako nagusiak produkzio espediente bat aurkeztu ondoren, zenbait langile kaleratuak izan ziren, 34 urteko gazte hau barne. Nagusiaren oldarkeria eta harrokeria salatzen du langileak, krisi batzordearen eskaeren aurrean ez baitu inongo kasurik egin. Egoera konpondu bitartean, sukaldaritzarekin loturiko lan batean ari da.

Momentu honetan, zein da zure egoera?

Kaleratua izan ondoren, beste lan bat aurkitu dut. Ostalaritzan ibilia naiz urte askotan eta orain sukaldearekin loturiko behin-behineko lan bat aurkitu dut. Beste alde batetik, enpresak kaleratutako langileoi lanera joateko noiz deituko ote digun zain nago.

Nola egiten diozu aurre krisiari?

Gutxiago gastatuz eta lana bilatuz. Zorionez edo zoritxarrez, gurasoen etxean bizi naiz. Soldata oso baxua geneukan enpresan, batez beste, 850 bat euro kobratzen genituen. Atera dudan ondorio bat da ezin dela lan hau baino okerragorik aurkitu. Horrela, lankideei borroka egitera bultzatzen saiatzen nien, baina jarrera, orokorrean, oso beldurtia zuten, kaleratuak izan zitezkeelakoan.

Zure ustez, zer izango litzateke astean 65 orduko lanaldia?

Esklabutza bide bat iruditzen zait. Gero eta zor gehiago eduki eta menpekotasun ekonomiko handiagoak hartzen ditugu gure aukeren gainetik bizitzen saiatzen garelako. Gainera, inongo langile elkartasunik ez dagoela ikusita,  badirudi patroia egoera horretaz ari dela aprobetxatzen 65 orduko lanaldia ezartzeko. Horrela, askatasun gehiago izango dugula esaten digute. Nire ustez, eskulana behar den bezala ordainduko balitz, jendeak ez luke hainbesteko lanik egin beharko.

Zertan geratuko lirateke langileen eskubideak 65 orduko lanaldiarekin?

Okerrago. Patronalak beti bortxaren bidez lan egitera behartzen du, baita nahi ez duenari ere. Alde horretatik, behintzat, uste dut ia ziur eskubideak urratuko direla.

Enpresek langile gehiagoren beharra edukiko luketela uste al duzu? Ala kontrakoa?

Alderantziz, noski. Ordu gehiago eginez gero lanean, langile gehiago kaleratuko dituzte. Niri ez zait axola patroiak “jet” pribatu bat erostea eta Marbellara joatea bizitzera, betiere soldata duin baten truke bizitzeko adina ordaintzen badit. Baina halakoak ez ditzatela egin gure gabezien kontura.Imanol CARRILLO

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo