GARA > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak

Maribi Ugarteburu Markuerkiaga Udalbiltzako auzipetua

Justizia loteria mingots bat denean...

Udalbiltzak bere ibilbide labur eta gorabeheratsuan bi iparrorratz izan ditu: Euskal Herriaren nazio izaera indartzea eta eskubide guztien errespetuan oinarritutako konponbide politikoak bilatzen laguntzea bere arlotik, instituzio gisa

Zeure burua inoren borondate politikoen menpe dantzan dabilen bombo baten barruan ikusten duzu. Bolatxoak gara auzipetu politikook. Gure kasuan, 22 bolatxo, Udalbiltza auzian. Ez dakigu, oraingoz, gure kontrako zozketa noiz izanen den. Soilik izanen dela. Ez dagoela ihesbiderik. Hau ez dela amesgaiztoa, Espainia esperpentikoa baino; non 22 udal-hautetsi eta Udalbiltzako behargin ohi jesarriko dituzten auzipetuen aulkian, terrorista direla egotzita.

Eta bolak mugitzen hasiko dira... Zelako haizealdi politikoa, halako bola-dantza: barrura ala kanpora (10 eta 23 urte bitarteko kartzela-zigor eskariak ditugu); zigor jaitsiera ala igoera; bermeak ala isunak. Udalbiltza debekatzea ere ekar lezake epaiak. Eta horrek, etorkizunerako hipoteka lekarke: nazio instituziorik ez. Debekatuta, hori ere.

Injustiziaren loteria-ontziak draust-draust egiten du gure buru gainean, etengabe. Bihar jakingo dugu akaso? Non egongo ote gara urtebete barru? Horrela bizi gara auzipetu politikoak hemen eta orain. Hori ere, noski, gatazka politikoaren ondorio bat da. Horixe baietz. Hain justu ere, gure jarduera publikoaren bidez hondar aletxoa ipinita gainditzen ahalegindu izan garen gatazka ditxosoarena.

Udalbiltzak bere ibilbide labur eta gorabeheratsuan, bi iparrorratz izan ditu: Euskal Herriaren nazio izaera indartzea (udalen eta herritarren arteko kohesio eta koordinazio bideak landuz), eta eskubide guztien errespetuan oinarritutako konponbide politikoak bilatzen laguntzea bere arlotik, instituzio gisa. Akaso, noizbait aitortuko zaio hori. Beharbada, Euskal Herriaren Eskubideen Kartan agertzen diren printzipio indibidual zein kolektibo guztien gidaritzapean bizitzea lortzen dugunean. Justiziak eta demokraziak loteriarekin zerikusirik izango ez duten etorkizunean.

Eusko Legebiltzarraren ekimena. Astelehen honetan; bai, bai, Hego Euskal Herriko jende gehiena arreta Gabonetako loterian jarrita egongo den honetantxe, Gasteizko Legebiltzarrean legez besteko proposamen bat eztabaidatuko dute, Aralar, Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalea talde parlamentarioen eskariz. Modu horretan, hiru taldeok aintzat hartu dute pasa den azaroan Udalbiltzako auzipetuok legebiltzar horretako Giza Eskubideen Batzordeari aurkeztutako eskari sorta. Balio bezate lerro hauek hiru taldeoi gure eskerrik beroenak emateko, eskariok aintzat hartu eta eztabaidara aterako dituztelako.

Eta zer da, ba, legebiltzarkideei eskatuko zaiena? Hona hemen labur-labur:

-Udalbiltza sortu zenean onartu ziren bost helburuen alde lan egitea beharrezkoa eta zilegi dela, eta ezin dela delitutzat jo aldarrikatzea.

-Edozein arlo instituzionaletan demokratikoki aukeratutako ordezkariek Euskal Herriko lurralde eta eremu administratibo guztietako instituzioak sortu, bultzatu, garatu eta finantzatzeko duten eskubidea errespetatzeko konpromisoa hartzea.

-Udalbiltza eta bertako hautetsi eta langile ohien aurkako auzibidea salatzea eta Estatu espainiarreko Gobernuari fiskalak gaur egun mantentzen duen akusazio publikoa erretira dezan eskatzea.

-Auzibide hau Nazio Batuen Erakundean eta Europako instituzioetan salatzea, elkartze eta adierazpen eskubidea argiro urratzeaz gain, nazioarteko hainbat itun ebazpenen aurkakoa delako.

-Aipaturiko eskubide zibil eta politikoak zein herri-eskubideak defendatzeko antolatzen diren mobilizazio baketsuak babestea.

-Epaiketa gertatuko balitz, Auzitegi Nazionalera Eusko Legebiltzarraren izenean ordezkari taldea bidaltzea horren jarraipena egiteko.

Udalbiltzako auzipetuok gonbidapen zintzoena egiten diegu, gutxien-gutxienik Udalbiltza bera sortzeko batzarrean parte zuzena hartu zuten talde politikoetako ordezkariei, legez besteko proposamen horrekin bat egin dezaten. Etorkizun (hurbilean bada, hobe), berriro ere posible egin dezagun guztion artean Euskal Herri osoko udal ordezkaritza demokratikoan oinarritutako lan instituzionala aurrera eroatea. Demokrazia loteria baino gauza askoz ere sendoagoa izan dadin. Laster.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo