GARA > Idatzia > Iritzia > Hemeroteka

Xabier Etxaniz Rojo 2008/12/18

Izarrak eta arroz-aleak

berria

Autobuseko telebistak jakinarazi dit ez dakit zenbat milioi argi-urtera dauden bi galaxiak elkarren kontra talka egin dutela eta zulo beltz bat sortu dutela. Edo alderantziz. Berdin du, ez baitauka bestelako garrantzirik zerk zeren kontra egin duen talka eta zer sortu duten. Miloi bat argi-urte izan beharrean hamar milioi balira, berdin-berdin geratuko ginateke. (...) Badakigu, zerura begiratzea besterik ez baitago, izarrak urrun daudela, baina, hortik aurrerako kontzeptuak deserosoak zaizkigu eta galdu egiten gara.

Interneteko pantailak, berriz, zera xuxurlatu dit, nanoteknologia zentro handi bat zabalduko dutela Donostian. Alderantziz ere izan liteke, superteknologia zentro nano bat zabalduko dutela Donostian. Berdin du, horrek ere ez baitauka bestelako garrantzirik. Ez dakit zenbat milioi euro inbertituko dituztela. Antza, gauza nanoek aurrekontu handiak behar dituzte. Hala izango da hala badiote, baina guk ezin jakin. Badakigu, ordea, arroz-alea txikia dela. Eta hortik aurrerako kontzeptuak handiegiak zaizkigu, baita nanoetan handiena ere.

Eta, gauzak horrela, plasmako pantaila lauak munduan ez dakit zenbat milioi lagun gosez hiltzen direla esaten didanean, nire burmuinak badaki zein den eman behar duen erantzuna. Ikasi du bidea. Alferrik da kontzeptu handi eta deserosoei jaramonik egitea.

Eta, gainera, berdin du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo