Harkaitz Cano
Zibergauzak
ARGIA
Konturatuta egongo zarete aspaldian poliziak inor atxilotzen duenean gero eta gutxiago direla arma konfiskatuak. Garai batean, indar polizialek eraginkortasunez egindako lanaren erakusgarri eta atxilotutakoen arrisku mailaren ziurtagiritzat azaltzen ziren erakusmahai inprobisatuetan lerro-lerro paratutako munizio, fusil eta enparauak. Aspaldion, ordea, apenas. Atxilotuei harrapatutako materiala, informatikoa da nagusiki orain, kutsu ia komikoa izateraino, zenbaitetan. Hona, azken atxiloketetako bat narratzen zuen egunkari batetik jasotako hitzak: «Les fueron confiscados varios lápices informáticos...»; «se sabe que operan en cibercafés».
Informazioa boterea deneko erran zaharra berrituko didazue. Arrazoia emango dizuet. Baina informazioa bakarrik ez, fikzioa ere bai. George Steinerrek, La idea de Europa liburuan, Europa definitu eta AEBekin kontrajartzeko orduan, kafetegietan tertulian aritzeko zaletasuna jotzen zuen kontinente zaharreko ezaugarrietako bat (...), baina nago, orain aldatu egin dela franko kafea hartzeko Steinerrek aipatu molde hura: «Se sabe que operan en cibercafés», Rubalcaba barne ministroaren hitzak biziki esanguratsuak dira, eta ziberkafe horiek dezente erabiltzen dituenetarikoa naizenez, halako ezinegona eragiten dit zeregin susmagarrien zerrendaren zabaltze eta mutazio honek. Nire golkorako «a veces, oigo voces» fantasmalaren pareko begitantzen zait «se sabe que operan en cibercafés» hori, mamuen mundu baterako ongietorria edo deiadar esoteriko xuxurlatua.
Norbait atzetik dabilkigunekoa -sasian dagoenaren amesgaiztoa-, fantasia bat izan ohi da egunotan idazlearentzat: irakurleen bila eta irrikaz gabiltzanez sarri, espia suerte bat garenez geroni, zelatatuak -irakurriak- izatea gustatuko litzaiguke, halaber. La vida de los otros filmean gertatzen zen legez, gure mezuak eta gure idatziak zelatatu ahala norbaitek guri irakurri eta entzundakoekin txostenak egiten dituela fantaseatzea gustatzen zaigu. Dibertitu egiten da idazlea, irudikatuz dagoeneko itzulia duela bere obra gaztelerara, zerbitzu sekretuetakoak egina diotela lan hori, eta bere poemak klabean idatzitako mezu kruzialak direlakoan, haiek deszifratu nahian ibiliko direla buru-belarri CNIko enkriptazio sailekoak. (...)