GARA > Idatzia > > Euskal Herria

Tximistak jo gaitzan aukera gehiago izan arren...

Gabonetako loteriaren sari nagusia tokatzea; horixe litzateke askorentzat urtea bukatzeko modurik onena, areago krisi garaia izanda. Milioika euro gastatzen dira emandakoa baino gehiago jasotzeko itxaropenez. Garai honetan, gainera, loterian jokatzeko ohiturarik ez dutenek ere erosten dute txartelen bat edo beste. Badaezpada ere, noski.

Janire ARRONDO

Santo Tomas eguna izateaz gain, badu gaurkoak beste bereizgarri bat, Gabonetako loteriaren sari nagusiaren zozketatu bezperako eguna dela, hain zuzen ere. Bihar eguerdirako sari guztietako zenbaki irabazleak zeintzuk diren jakingo dugu. Iaz bezala, denera 1.801 milioi euro banatuko dira saritan, sari potoloa 390 milioi eurokoa izango da, bigarren saria 960.000koa eta hirugarrena, berriz, 480.000koa.

Horrela, zenbaki handiak badirudite ere, askoren artean banatzen dira sari asko eta asko. Hala ere, horrenbeste aipatzen den krisi garaian, tokatutakoa zati txikia izanda ere, ez luke inork batere gaizki hartuko.

Iaz jokatutako 182 milioi eurotik, trukean 100 milioi gutxiago etorri ziren bueltan Euskal Herrira. Hala ere, 82 milioi horiek aski izan ziren bati baino gehiagori eguna alaitzeko. Bizkaia izan zen herrialderik sarituena, izan ere, sari potoloaren zati bat Elorrion banatu zuten. Arrigorriaga, Etxebarri eta Galdakaon ere sari politak eraman zituzten. Bestetik, Donostiako Amara Zaharreko eta Arabar Errioxako Oiongo loteria administrazioetan txartelak erosi zituztenetako batzuk ere zorteko izan ziren.

Aurten gutxiago

Maiz entzun dugu batean eta bestean, krisia dela-eta, loteria txartel gehiago erosi dituela jendeak. Guztiak batu arte zehatz jakiterik ez badago ere, orokorrean ez da hori Euskal Herriko loteria administrazioetako arduradunek diotena. Donostiako Urbieta kaleko loteria dendako arduraduna da Pedro Arroyo, eta aurtengo salmentetan beherakada nabaritu duela dio berak. Bere ustez, ematen den informazioa «egiaztatu gabekoa da, ez baita salmenta igotzen ari». Jokatzen duten horien artean, tokatuko zaiela ziur daudenak badirela dio Arroyok. Baina, orokorrean «jendeak ohituragatik edo albokoak jokatzen duelako erosten du», esan du.

Kasu berezia da Elorrioko Urarka kaleko loteria saltokia, bertan suertatu baitzen iaz sari potoloaren zati bat. 6.381 zenbakiaren sei serie saldu ziren bertan, eta 18 milioi banatu zituzten. Beatriz Elkoro loteria dendako arduradunak dioenez, «jendeak badaki zaila dela berriro hemen tokatzea, baina, badaezpada ere erosi egiten du». Elkorok nabarmendu duenez, «5 zenbakia da gehien saltzen dena, urteroko kontua da hori». Egia esan, 5 zenbakia da sari nagusian gehien errepikatu den amaierako zenbakia. Hala ere, sekula ez da 25 zenbakiaz amaitzen den txartelik saridun suertatu. Bostaren atzetik, 1 zenbakiaz amaitutakoa tokatu da gehienetan, eta ondoren 2 eta 9 amaiera dutenak.

Barañaingo loteria dendako arduraduna ere Arroyorekin bat dator, izan ere, «jendeak loteria egokitu dakion behar handiagoa du, baina ez du horregatik gehiago jokatzen, arriskatu ere gehiago egingo duelako».

Bilboko Alde Zaharreko loteria administrazioko arduradunaren hitzetan, «Sari potoloa Bilboko Zazpi Kaleetan eroriko dela eta 7 zenbakiaz amaitzen dena izango dela zabaldu da». Zurrumurru hutsa izan arren, arduradunak zazpi zenbakia berehala saldu zuela argitu zuen. Bestetik, administrazio honetan salmenta igo egin dela adierazi zuen saltzaileak. Izan ere, aurtengo Gabonetako loteriaren iragarkian agertzen da beraien denda une batez, eta «horrek zortea ekartzen duela uste du askok». Jakin dute gainera horri probetxua ateratzen, dendan bertan iragarkia grabatu zeneko irudiak jarrita baitituzte jendea erakartzeko.

Oraindik, saridun nor izango den jakiterik ez badago ere, gogoan izatekoa da sariren bat jasotzeko dugun aukera %6ra ere ez dela iristen. Gainera, probabilitatean adituak diren hainbatek diotenez, tximista batek jo gaitzan aukera gehiago dugu. Halere, itxaropenari eutsi behar omen zaio azkenera arte.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo